ANDRE MARIA ELIZA Unanue'tar Pedro Mariren Enparantza, s/n

Egile ezezaguna (XV-XVI), I. Ibero (1744) eta M.J.
Laskurain (1852)


Ondarroako eliza nagusia hainbat arku eskarzanok eratutako terraza artifizial baten gainean dago. Marinelek antzina-antzinatik erabiltzen dituzte arku horiek untziak amarratzeko. Eraikinaren hegoaldean, terrazak azpian hartzen du Artibai ibaia. 1480an eraikitzen hasi eta XVI. mendean amaitu zuten. Aurrealde zuzeneko hiru nabe ditu. Erdiko nabea gurutze-gangaz estalita dago, eta alboetakoak, berriz, ertzez. 1744an, I. Iberok tamaina handiko birmoldaketa egin zuen, batez ere gangei eusten zieten pilareak ukituz. 1852an, M.J. Laskurainek udaletxe-zereginak betetzen zituen eraikin bat itsatsi zion elizari fatxada nagusian. Oso interesgarriak dira eraikin osoan dauden apaindura gotikoak, batez ere iparraldeko murruaren goieneko aldeko "segizio" ospetsua: borgoinar estiloko hamabi irudi dira, XV. mendearen amaierakoak.

 

LIKONA DORREA Kale Handia, 57

Egile ezezaguna. XVI


San Iņazio Loiolakoaren amaren jaiotetxea da. Hiri-egituraren trinkotasunak behartuta, bertikaltasun itzela du.

 

ONDARROAKO ZUBIAK

Portua eta Erribera

Hiribilduaren historia Artibai ibaiaren bi aldeetan isuri da. Antzina, untziolak ibaiaren eskuinaldean zeuden, eta hiribilduaren gunea, berriz, ezkerraldean. Gerora, Arrigorriko hondartza turismorako erabiltzen hasi zen eta itsasora zabaltzen zen arkua eraikinez bete zen. Horrek guztiak ibaia alderik alde zeharkatzen duen zubi-multzo interesgarria justifikatzen du.

Zubi Zaharra: 1857.

Zubi Zaharra antzinako kofradiaren alboan dago. Bizkar-itxurako profila du, bi begi erdi-puntuko arku banaren azpian eta lau zubi-bular. Gaur egunekoa, 1857an lehenagoko zubi baten irudira egindako berreraikuntza da. Barrokoaren garaiko Pietatearen ermitan amaitzen da

Alfontso XIII.aren pasabidea: 1927.

Burdinaren arkitekturaren garaikoa da. Egitura errematxatua du, kararrizko bi kontzaren gainean bermatua. Erdiko kontzaren arabera jiratzen da untziei bide egiteko. Hondartzako sarbide gisa eraiki zuten eta bidesariduna izan zen 70ko hamarkada arte.

Calatravaren zubia: 1990-92.

Santiago Calatrava arkitekto eta injineruak eraiki zuen Ondarroako azken zubia. Zubiaren kontzeptua (arduragarria dela esan dute noizbait) lekuarekiko abstrakzio eta autonomia handia duten geometria eta akaberetan laburbiltzen da.