ZIORTZAKO KOLEGIATA Goiherri-Ziortza Auzoa, 11.
MARKINA

P. Orma, M. Bolivar eta J. Olate (XVI)
arkitektoa. J. Muñoz-Baroja; Aparejadorea F. Aguiriano. 1990-96-...


Elezaharrak dioenez, Ziortzako kolegiata X. mendean sortu zen eta, arkeologiak egiaztatu duenez, badirudi uste hori zuzena dela. Kolegiatan, besteak beste, honako eraikin hauek daude: eliza, klaustroa, Abadearen etxea, kalonjeen etxeak eta ostatua. Horiek guztiek patio irregular bat osatzen dute. 1954an sute batek ostatu zaharra erre zuen eta gaur egun oinplano berriko eraikin bat dago haren tokian. Eraikin horren aldamenean, elizarekin komunikatzen den bi altuerako klaustro txiki bat dago (M. Bolivar eta J. Olate, 1560). Elizaren oinplanoa angeluzuzena da, abside poligonala dauka eta gurutze-gangaz estalita dago. Ebanjelioaren aldean bi kapera daude: San Migelena eta Las Angustias edo Irusta abadearena. Tenpluak, gainera, honako osagai hauek ditu: sakristia barrokoa, XVI. mendeko kanpandorrea (XVIII. eta XIX. mendeetako konponketak dituena) eta edergarri herrikoiez dekoratutako eliz ataria, zeinaren barruan sarrera nagusia baitago. Altzariei dagokienez, aipagarriak dira Bizkaiko organorik zaharrena (J. Etxebarria, 1686), Irusta abadearen hilobia, gurutzetik eraistea irudikatzen duen erretaula (Guiot Beaugrant, XVI. mendea) eta erretaula nagusia (Juan maisua eta Anse maisua, XVI. mendea). Gaur egun, Nafarroako Olibako monasterioan jatorria duten zistertarrak daude kolegiatan.

 

IBARRA DORREA Güenkalea, 7

Egile ezezaguna. 1520 ing.



Ruiz de Ibarra familiak hiribilduko hainbat alkate eta eskribau eman zituen. Haiek eraiki zuten dorrea eta bertan bizi izan ziren hiru mendetan zehar. Landako leinu-dorreen irudira hiribildu baten barruan eraikitako dorrea da, haien kopia mimetikoa, erabilera anitzetarako egokitua eta artean jauregi errenazentisten berezko lengoaia bereganatzera iritsi gabea. Izan ere, dorreen estetikari eutsi zion kanpoaldean. Ondo egindako dorrea da, fatxada finekoa, hermetikoagoa atzean, baratzera eta harresira ematen duen aldean. Munibetxea edo Ansotegi dauka aldamenean, nahiz eta fatxadaren zati batek soilik iraun duen zutik.

 

ORMAETXE BASERRIA Meabe auzoa 14

Egile ezezaguna. 1520 ing.



Arestian egindako berritze-lanek oso aldatu dute barruko aldea. Hala ere, oraindik dituen ezaugarrietako batzuk direla eta, lehen belaunaldiko euskal baserriaren eredurik bikainenetakoa da. Oinplano angeluzuzena menditik bertatik ateratzen da malda-erdian, atzeko aldearen zati bat mendimaldako harria zulatuz egina duela. Hormak harlandusko gotikoz eginda daude eta haritzezko zutabez egindako eusteegitura sendo baten hondarrak ikus daitezke oraindik ere. Fatxadak hiru atal ditu. Erdiko atala barrurantz sartuta dago arkupeari eta ganbara irten bati leku egiteko. Alboko atalek bina leiho biki dute lehen solairuan. Leiho horiek
esaldi profilaktikoz apainduta daude eta bikain landutako barlasai gotikoak dituzte. Eraikin honetan jatorritik bertatik uztarturik daude sorkuntza kultua eta baserrien berezko arkitektura. Baserrira iristeko, Markinatik Aulestira doan errepidea hartu eta, Meabe auzoa atzean utzi ondoren, Ingemar harrobietara doan bidetik jo behar da. Aurkituko dugun lehen baserria da.

 

SOLARTEKUA JAUREGIA Goikoportala, 4

L. Longa. 1666



Hiribilduko irteeran eraiki zuten, harresian bertan. Hasieran, lorategia zeukan atzealdean (gaur egun ez dago haren arrastorik). Jauregiaren atzeko aldetik iristen zen lorategira, lehen solairuaren mailan, erronda-kalearen gainetik igarotzen zen zubi bitxi batetik. Jauregiaren promotorea J.J. Fernandez de Mugartegi izan zen, Mexikon aberastutako indiano bat. Arkitektoa, berriz, L. Longa. Biek ala biek ere jauregi barrokoak pertsonifikatzen dituen
hiri-eredu eta bizitza-kontzeptu berriak gauzatu zituzten Markinan. Bolumen kubiko sendoa da. Hiri-fatxada nabarmenak ditu, eta oso ondo landutako harria eta burdina kasetoietan, eskaileretako apaingarrietan eta solairu nagusiko zokalo eta ateetan. Eraikina zehatz-mehatz antolatuta dago eta oso argi bereizirik ditu gelak eta haien eginkizunak. Beheko solairuan zalditegiak, sotoak eta horrelakoak egon ziren garai batean. Lehen solairua dugu,
ordea, guztietan adierazgarriena: bertan zeuden jangela eta "begirunezko logela" (gonbidatuentzako logela berezia, oso dotorea). Goiko solairuan, azkenik, etxekoen logelak, egongela eta egutera daude. Eskailerak, fatxada
nagusiarekiko paralelo, bi zatitan bereizten ditu solairuak: etxeko nagusien zatia fatxada aldean eta zerbitzariena atzeko aldean. Bere garaian Irizarrek esan zuenez, "euskal jauregiaren eredu" bikaina da. Etxanobe Mugartegi ahizpak dira egungo jabeak, eta ezin hobeto zaintzen dute eraikina. Markinako udaletxearen aurrean Andonegi jauregia dago.
Berori ere L. Longak egin zuen eta Solartekua jauregiaren antzekoa da, baina mehelin artean dago. En origen, se construyó a la salida de la Villa, sobre la propia muralla, con jardín posterior hoy desaparecido, al que se enlazaba por su trasera a nivel de primera planta, por un curioso puente que libraba la calle de ronda. J.J. Fernández de Mugartegui, su promotor, indiano enriquecido en Méjico, y Longa, su arquitecto, plasmaron en Markina el nuevo concepto urbano y de vida que personifica el palacio barroco. Volumen cúbico potente, fachadas urbanas preeminentes, personalización interior de funciones con rica ejecución de la piedra, hierro, artesonados y decoración de escaleras, zócalos y puertas de planta noble. La planta baja se destinaba a caballerizas, bodega,... la planta primera acumula el máximo nivel representativo, comedor y "dormitorio de respeto" y la alta contiene los dormitorios privados, estancia y solana; a la vez las plantas se dividen en dos claras partes por la escalera, girada respecto a fachada, definiendo zonas nobles a fachada y de servicio atrás. Un magnífico "modelo de palacio vasco", como lo definió en su día Yrizar, conservado con esfuerzo y celo por sus actuales propietarias, las hermanas Echanove Mugartegui.

 

KARMENGO ELIZA Karmengo Plaza, 5

Fray Marcos de Santa Teresa? 1724



Markinako karmeldarren komentua 1691n fundatu zen Peñafloridako kondearen dohaintza bati esker. Komentuko eliza (1724an inauguratua) Bizkaian diren karmeldar
estiloko onenetarikoa dugu. Horren antzeko ugari aurki daitezke Gaztelan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, fatxada -hareharrizko pantaila handi baten modukoa- eta kanpoalderanzko bolumen-jokoa. Bolumen horietatik zehar ikusten dira aurrealde zuzeneko oinplanoa (gurutze latindar formakoa), transeptua, erdiko nabea eta alboetako bi nabeak. Barrualdea kupulaz eta lunetaz estalita dago eta nabarmengarria da bai oso egoera onean kontserbatu delako eta bai Bizkaian altzaririk onenak dituenetako bat delako. Frai Marcos de Santa Teresa trazatzaile karmeldarra jo izan da elizaren egiletzat.

 

SAN MIGELEN ARRETXINAGAKOAREN ERMITA Arretxinaga Etorbidea, 24

J. de Lizardi. 1734



Arkitektura gora-behera, ermita honek alderdi mitikoari zor dio bere balioa. Oinplanoa barrokoarekin lot daitekeen askatasunezko abentura geometrikoa da, ikaragarri apala eta itxura arruntekoa. Santututako harritzarrak gordetzen ditu bere hormen artean. Lekua erreferentzia animista izan zen, eta, arkeologi indusketek egiaztatu dutenez, historiaurrean gizakiak ibili ziren inguru hartan. San Migelen izenpean kristautu zuten, santu hori baita haitzuloetako arimaartekaria. Materiazko eta izpirituzko oinarri horien gainean altxatu zen tenplua. Xemeingo elizatearen erdigunea da eta plaza osatzen du bertako udaletxe garaikidearekin. Azkenik, Bizkaian ezagutzen den idi-probalekurik zaharrena ikus dezakegu ermitatik hurbil, harmailek ibaia ixten dutela. Euskal etnografiaren gaineko erreferentzia ugari eta aberatsak dituen eraikin-multzoa da.

 

XEMEINGO ANDRE MARIA ELIZA ETA HILERRIA Xemeingo Etorbidea, 25.

Eliza: P. Andrino eta J. Hemasabel (XVI) eta J.
Urizarzabala (XVII)
Hilerria: M.J. Laskurain (1851)



Xemeingoa nabe bateratuekiko eliza ederra da, eta Bizkaiko tenplurik handiena. Baturik ditu gotikoaren azken eraginak eta errenazimenduaren ezaugarri klasikoak. Kanpoaldetik ikus daitekeen angeluzuzen handia nabetzar karratu bihurtzen da barrualdean. Hori lortzeko, erdiko nabearen altuera berean egin zituzten alboetako nabeak. Abside zuzenak soilik hausten du karratua. Gurutze-ganga konplexuek (J. Hemasabel) hiru koloma eskerga dituzte eustarri. Bi sarrera daude; atzealdekoa ez da erabiltzen, eta albokoak, errenazentista bada ere, ornamentazio gotiko nabaria dauka. Eliza XVII. mendean osatu zuten sakristiarekin (1668an L. Longak gangaz estalia), koruarekin eta kanpandorrearekin (J. Urizarzabala, 1623- 44). Erretaula nagusia lan manierista itzela da, polikromatua (J. Aiala, Beaugrant-tarrak). Kanpoaldea nahiko egoera kaskarrean dago, baina ez deprimitu eta ikus ezazue eliza, merezi du eta.

Hilerria tenpluaren hegal bati atxikita dago. Laskurainek erabilitako lengoaia formala neoklasizista da, estetika egiptoar nabarmenekoa. Angeluzuzen handi bat da, klaustroduna eta estalia. Teilatua kanpoko murruetan eta barruko koloma doriar harroinik gabeetan bermaturik dago. Klaustroaren erdiko espazioa ez zen ehorzketetarako planifikatu, baina XI. mendean -oso goiz, beraz Peñafloridako kondeak hortxe eraiki zuen bere mausoleoa, estilo orokorrari eutsiz.

 

XEMEINGO ENPARANTZAKO ERAIKIN-MULTZOA Xemeingo Enparantza.

Patrokua etxea: egile ezezaguna (XVIII), E. Amann
(1927-28) eta J. Irizar (1945)
"La Esperanza" fabrika: C. Uriarte (1925)
Lan-eskola: arkitektoak A. Libano eta I. Gaston (1977);
aparejadoreak C. Arrizabalaga, L. Ballesteros, A.
Maujura
Lanbide-heziketako eskola: arkitektoak C. eta N.
Arrizabalaga (1994-96); aparejadorea J.I. Iriondo



Eraikin-multzo honek XX. mendeko arkitekturaren oso aldi konplexu eta desberdinak biltzen ditu.

Patrokua etxea Barroeta dorreko leinuaren antzinako bizitegia izan zen. XVIII. mendearen amaieran Miguel Barroetak ibaitik hurbilen dagoen atala eraiki zuen. Haren ondorengoek, Gaitan de Aialatarrek, etxea handitzeko eskatu zioten E. Amanni. Arkitekto emankor horrek barroko berantiarreko parke bitxiaren alderantz zabaldu zuen etxea, obra erregionalista bat eginez, ia-ia kitsch-a. 1945ean, Irizarrek logia bat jarri zuen bi bolumenek bat egiten zuten tokian. Eraikina, gaur egun, herriko turismo-bulegoaren egoitza da.

"La Esperanza" fabrika Castor Uriartek 1925ean egindako obra razionalista da. Bizkaian oso bakanak dira joera horretako eraikinak. Orain itxita dago. Castor Uriartek, halaber, Markinako pilotalekuaren estalkia egin zuen, baita egoitzazko etxeren bat edo beste ere Zelain bertan.

Herri-parkeaz bestaldean lan-eskola dago. A. Libano arkitekto emankorrak egin zuen I¤aki Gastonekin batera. Eraikin organizista da, parkearekin lotutako bolumen horizontal neurritsua. Atzean, Euskadiko Kutxa Taldearen lanbide-eskola egiteko asmoa dago. Arrizabalaga anaiek egin dute proiektua arkitektura arloko joerarik berrienei jarraituz.

Eraikin bat gailentzen da beste guztien gainetik: Xemeingo eliza. Baina, duen garrantzia dela eta, aipamena berezia zor zaio.

 

Ermita de Santa Mañe (Santa Marina) Barinaga-Illoro Auzoa, 31

Egile ezezaguna. 1520-30 ing.
Dorrea: D. Gandiaga. 1639


Inguru gorde batean dago, oreka ezegonkorrean mendi-mazela malkartsu baten gainean. Zuraje-egitura bitxiak ditu. Santa Ma¤eren ermita historia oroitarazteko ahalmenik handiena duen eraikinetako bat da Bizkaiko baserri-arkitekturan. Haritzezko zutabez egindako euste-eskeletoa dauka landu gabeko hormen artean. Zutabe horiek eusten diete
polikromatu gabeko zurez egindako terzelete-gangari (aldarearen gainean armatua) eta ohol mihiztatuekiko koru-zoruari. Aurrealdeari erantsita, garai batean herrialdean hain ugariak izan ziren zurezko kanpandorre horietako bat dago, Bizkaian geratzen den bakarra. Handik hurbil, San Kristobal Iturretakoaren ermitak ere zurezko ganga interesgarriak ditu.

 

 

SAN KRISTOBAL ITURRETAKOAREN ERMITA Iturreta Auzoa, 4

Egile ezezaguna. XV eta 1530-40



Kofradiako ermita honek ikuspegi zoragarriak ditu, eta oso kutsu herrikoia. XVI. mendeko zurezko gangez estalita dago, baina jatorri gotikoa du.

 

PLAZAKOLAKO ERAIKIN-MULTZOA Plazakola Auzoa, s/n

Urrixate jauregia: XVII
Santa Rosaren edo Santo Domingoren ermita: 1662
Plaza dorrea: XV-XVI. Berritze-lanak: arkitektoa M.
Zallas. 1970 ing.



Espazio fisiko txiki honetan eraikin hauek daude: Erdi Aroko Plaza dorrea ibaiaren meandro batean, burdinola bere presarekin (gaur mini-zentral elektrikoa dena), Urrixate jauregi barrokoa eta Santa Rosaren edo Santo Domingoren ermita (1662).

 

BARROETA DORREA ETA SAN JOAKINEN ETA SANTA ANAREN ERMITA
Diseminados de Arretxinaga, 28

Egile ezezaguna
Dorrea: XIV-XV-XVI-XVII
Ermita: XVII



Inguru horretako ahaide nagusiak izan ziren Barroetatarren eraikin-multzoa, Erdi Aroan sortua eta garapen barrokoa duena. Ermitaz eta beheragoko burdinolaz eta presaz osatuta dago.