URIARTE ERAIKIN-MULTZOA Santo Domingo 3
LEKEITIO

Turpin dorrea: XVI
Uriarte jauregia: XV-XVI; L. Longa eta P. Bernardo
Villarreal de Berriz: XVII


Uriarte deitu diogun multzoak bi eraikin nagusi ditu: Uriarte jauregia bera eta Turpin dorrea. Dorrea errenazentista da eta bolaz apaindutako estalpeak ditu. 1766an, Pedro Jose Villarrealek dorrea erosi eta jauregiarekin lotu zuen bi pasabide gainjarriren bitartez.
Uriarte jauregiak, aldiz, irakurketa konplexua du. Hasieran, Erdi Aroko dorre zahar bat izan zen. XVI. mendean oinplanoa handitu zioten aldameneko Turpin dorrerantz. 1677an, Lucas Longak osagai berriz hornitu zuen dorrearen kanpoaldea. Beste batzuetan egin zuen bezala, jatorri italiarreko baliabide klasizistak erabili zituen: erdipuntuko arkuen azpiko logia bi eta sarrerako eskailera axial bat ipini zituen fatxadan. 1700 aldera, Pedro Bernardo Villarrealek berritze-lanak egin zituen sartaldeko eta atzealdeko fatxadetan, erdi-puntuko arku handi bat eta alboko eskailera-atal bat ezarrita.

Eraikin-multzo honetan burdinaren arkitektura ere aurki dezakegu dorrearen estalduran eta balkoi batean. Dorrearen zati bat begien bistatik ezkutatzen duen landaretzak batetik eta eraikin-multzoaren egungo egoera kaskarrak bestetik oso itxura erromantikoa ematen diote.

 

JESUSEN LAGUNDIAREN ELIZA (SAN JOSE) Resurreccion Maria Azkue 7

M. Zaldua? 1688-17207



Eliza honek horma-konkekiko kaperak eta koru garaia ditu. Ornamentazio guztia fatxadan bilduta dauka. Hain zuzen ere, fatxada eraiki zuten azkena.

 

SANTA MARIA ELIZA Independentziaren Plaza, s/n

XV-XIX
Restauración: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia.
Arqto. R. Purroy. 1995-...



Eliza eder honek hiru nabe ditu, altuera desberdinetan eta apur bat zeharka jarriak. Girolaz inguratutako aurrealde poligonala dauka eta gurutze-gangaz estalita dago. Hainbat kapera ditu hegoaldeko murruan. Iparraldeko murruko kaperak, ordea, XIX. mendean kendu zituzten haien ordez eliz ataria ipintzeko. Kanpandorrea hegomendebaldeko angeluan dago. Erdiko nabearen bultzadak arbotanteen bidez kanporatzen dira. XV. mendean hasi ziren eliza egiten, eta XVI. mendean amaitu zituzten eraikitze-lan nagusiak. Aipagarria da sartaldeko sarrera apaintzen duen eskultura monumentala, XV. mendearen lehen herenekoa gehiena. Barrualdean, berriz, nabarmentzekoa da erretaula gotiko flandestarra, XVI. mendearen hasierako urteetan amaitua.

 

INDEPENDENTZIAREN PLAZAKO ERAIKIN-MULTZOA Independentziaren Plaza

Plaza: 1685
Santa Maria eliza: 1442 eta 1882
Udaletxea: arkitektoa M. Malaxbeitia. 1706-25

Herritarren elkargune zabal hau 1685ean planifikatu zuten Plaza Zaharra txikia eta untziolako hondartza handia batuz. Gainera, hainbat etxebizitza eraitsi behar izan zituzten. Santa Maria eliza gotiko berantiarrak plaza monumentalizatzen du bere hiru nabe mailakatuekin eta XIX. mendearen amaieran erantsitako girola gotikoarekin. Plaza, hasieran, itxia eta bakartu samarra izan zen. Handik babesten zuten portua kanoi-zuloz hornitutako harresi baten bidez. Gerora, fatxada bikoitzeko udaletxe berria eraiki zuten. Hori, izan ere, konponbide ezin hobea izan zen hirigunearen eta zelaiunearen arteko lursailak zituen gorabeherak berdintzeko. Udaletxea, bestetik, elizaren aurrez aurre kontrapisu gisa jarritako bolumen zibila zen. Gainera, plaza mugatzen zuten bi eraikin horien arteko lotura erraztu zuen Uribarrenen etxebizitza burges lerrokatuen bidez. XIX. mendean zehar etxebizitzen lerroa osatu zen, gaur egun itsasoaren aurrez aurre dagoen etxebizitza-sorta eratuz.