AULESTIKO ERAIKIN-MULTZO
AULESTI

Aulestiko plaza: Donibaneko enparantza.
Udaletxea: P. Belaunzaran (1843)
San Joan Bataiatzailearen eliza: M. Omar eta D.
Iturrieta (XVI) eta M. Iba¤ez de Zalbidea eta J.
Ansola (XVII)
Aldekoa jauregia: egile ezezaguna (XVI, XIX, XX)
Hilerria: Solaguren 18. Arkitektoa: P. Belaunzaran
(1852)


Egitura linealeko herri interesgarria da Aulesti, Markina-Lekeitio Erdi Aroko bidea ardatz duena. Jatorri ezezagunekoa da: ez du sorrerako hiri-gutunik eta, beraz, ez da hiribildua; hala ere, baserri-giroko elizatetik baino hurbilago dago hiri-tipologia horretatik. Herria zatituta dago lursail estu eta luze batean, kontzeptuz gotikoa da eta hiri-balio handiagoa hartu zuen XVI. mendetik aurrera. Garai hartan, elizak eta jauregiek aurrena eta udaletxeak hurrena herriko plaza eratu zuten. Hain zuzen, plaza dugu herriko espaziorik adierazgarriena.

Elizako dorrea gailentzen da plazan. Eliza, kanpo-ahalmen handiko prisma batean garatzen da. Barruko aldea garaiera handikoa da eta nabe bateratuekiko eliza gisa eraiki zuten. Hiru gurutze-nabe ditu, Ortiz de Olaetak egindakoak (1621).
Korua J. Abaigurenek egin zuen (1668) eta sakristia S. Leginaren lana da.

Plazaren hegal batean Iba¤ez de Aldekoa jauregia dago. Sarrerako arkuek jatorri errenazentista duela salatzen dute. Plazaren beste hegalean, berriz, P. Belaunzaranen udaletxe neoklasikoa dugu (1843), eraikin horien tipologia ordurako oso ondu bati dagokiona.

Herriko irteeran, Lekeitio alderantz, hilerria dago, berau ere P. Belaunzaranen planoen arabera egina (1852). Murruek karratu bat osatzen dute: sarrerako pabilioia. Karratu horrek beste karratu bi biltzen ditu bere ardatz axialean, neoklasizismoak horren gogoko zituen geometriak errepikatuz. Sarrerako pabilioiaren fatxadak estiloaren kutsu egiptoarra erakusten du obelisko-itxurako erremateetan. Haren aurrez aurre, kapera dago bere bi kolomekin, Greziako tenplu distiloen antzera.