ERROMOKO SAN JOSE PARROKIA Ezekiel Agirre kalea 19 (Areeta)

Arkitektoak: E. Amann, C. Martinez. 1956

50eko hamarkadan eraiki ziren elizetatik hauxe da bikainenetako eta hoberen kontserbatuetako bat. 80 x 30 metroko neurria du, gutxi gora-behera, eta kaleko eraikinak baino atzerago eraiki zen aurrealdeak eta alboek plazatxo bat osa zezaten. Horren bidez lortutako isolamenduak izaera monumentalez hornitzen du eliza. 32 metroko altuerako kanpandorreak eta fatxadan Javier Calvok marmolezko mosaikoz egin zuen mural handiak izaera hori indartzen dute.

Mota arrunteko eliza da: nabe bakarra du, 13 metroko zabalera eta bi pasabide alboetan. Nabea eta pasabideak bereizten dituzten zutabeek kono-enborreko forma alderantzikatua dute, eta pasabideen sabaia izurtua da.

Elizaren atal garrantsitzuena barrualdea da. Aldarerantz orientatuta dago eta 11,70 metroko aho-arkua du. Presbiterioak murrua konkortua du; beraren erdiko partea harri zurizkoa da, eta hortxe dago San Joseren irduia, Jose Luis Sanchez eskultoreak zur polikromatuan egina; atzealdeko panel bertikal finek eta leihate handietan zehar sartzen diren argi-multzoek -albokoek eta zenitalek- izaera eszenografiko orokorra osatzen dute.

Argi, material eta forma mota desberdinak artisautzaren eta eraikuntzaren garaiko arte abangoardistaren aztarnekin biltzen dira. Horrela sortutako kontrasteak nolabaiteko fintasunez hornitzen du eraikina. Xehetasunak zaintzeko modu horrek zerikusi handia du Espainako gerraosteko arkitekturaren lanik hoberenekin.

 

2 ETXEBIZITZA-ETXADI Kale nagusia 33 eta Las Mercedes

Arkitektoak: R. eta P.M. Basañez. 1973


Egoitza multzo honek ederki isladatzen ditu, bere dimentsioagatik eta hirigintza-formaren tratamenduagatik, 60ko hamarkadako amaiera eta 70eko hamarkadako hasiera.

Hemen aurkitzen dugun berezitasuna, kale nagusiari begira dagoen fatxadak aldi berean plaza moduko hutsune nabarmen bati begira egotea da. Konponbide morfologikoa etxadia bi zatitan banatzea izan zen, bide nagusiei paraleloa zen oinezko-kale bat sartzeko.

Eraikuntza trinko horretako tipologian ez dugu asmakuntza handirik aurkitzen, baina bai da azpimarratzekoa inguruneen tratamendua. Adreiluari, begiratokiari eta kanpoko tratamenduari buruz 60ko hamarkadan Rufino Basañezek egin zituen ikerketek aplikazio ugari dituzte, hala Santa Ana auzoan nola bi etxadi hauetan. Azken kasu honetan, arkitekturaren hizkuntza esperimentatzearen eremuan galtzen dena profesionaltasunean irabazten da.

 

8 ETXEBIZITZAKO ERAIKINA Las Mercedes, 29

Arkitektoa: A. Libano;
aparejadorea: J. Axpe 1962-65


8 etxebizitzako bloke angeluzuzena da, eta lau fatxada garbi ditu, eranskinik gabe eraikiak direlako. Blokearen eta kalearen artean hesi bat dago, Erromako palazzin-etakoak bezalakoa, eta lorategi bat inguruan. Orubea kalea baino beherago dago, eta horrek ahalbidetu du garajeak, atezainaren etxea, sarrera nagusia eta zerbitzariena beheko solairuan kokatzea.

Solairu bakoitzean bi etxebizitza daude. Aukeratutako antolamenduak alde itxi samarra sortzen du iparreko partean; hegoaldea, berriz, oso irekia da, eta espazio ederra eskaintzen die gela nagusiei.

Kanpoko tratamendua oso ikusgarria da bloke honetan. Aipatzekoak dira, adibidez, hutsune handien eta egutera oparoen neurriak, baita adreiluzko hormatal handiak ere. Guztiarekin ere, azpimarragarriena egutera korrituaren horizontaltasuna da, zeren blokeari ematen dion lasaitasuna Wright-en "lehen urrezko aroaren" arkitektura baitakarkigu gogora.

 

"ZUGAZARTE" ERAIKINA Zugazarte 25 (Areeta)

Arkitektoak: J.L. eta F. I¤iguez de Ozo¤o;
aparejadorea: J.A. Cabezuelo. 1964

Luxuzko 8 etxebizitzarako eraikina. Bloke nagusiak M-ra orientatuta dauka aurrealdeko fatxada, Areetako Kaiko pasealekuaren aldera; zerbitzuko fatxada, berriz, Zugazarte etorbidearen aldean dago. Beste bloke bat ere badauka, eraikin nagusitik bereizita eta etorbidearen aldamenean; garajeak daude hor eta, bere kokapena dela eta, intimitate handiagoa ematen dio egoitzari.

Eraikin nagusiak beso desberdinekiko U formako oinplanoa du. Besoek zerbitzuko patio ireki bat inguratzen dute. Patioa hormigoizko saretaz itxita eta adreiluz jantzita dago zerbitzuko hutsarte guztiak ezkutatzeko.

Eraikinaren bi hegalen arteko desfasea lurraren formari egokitu beharrak eragin zuen, eta, batez ere, eskuinaldeko etxebizitzei Portugaleteren eta hegoaldearen alderako ikuspegia eman nahi izateak.

Eraikinak Abraren gaineko ikuspegi paregabea dauka. Solairu batzuk beste batzuk baino barrurago daude eta tratamendu desberdina dute denek. Hori dela eta, eraikinak itxura pintoresko ederra du, anti-masa, zeramikazko plaketak homogeneizatua eta kareletako eta ateburuetako harri artifizialak punteatua. Inguruko eraikin guztiek dute izaera hori.

 

"CISCO" Zugazarte kalea 63 (Areeta)

Arkitektoa: M.M. Smith. 1909, 1919, 1928


Arkitekto horren lanik interesgarrienetakoa da. Tximeleta formako oinplanoak arkitektura viktoriarratik hartua da, eta bata bestearen ondoan egindako zabalkuntza-lanen bidez itxuratu zuen gaur egungo eraikina. Ezaugarririk nabarmenena etxearen artikulazioa da: bost atal ditu, eta horietako bakoitzak bere teilatua du, puntaduna edo kono-formakoa. Itxuran oinarritutako pintoreskotasun hori oso eraginkorra da jatorri askotako osagai estilistikoak era koherentean bereganatzeko. Aniztasunaren adierazle nabarmena da.

 

"CISCO" II Zugazarte 65 (Areeta)

Arkitektoa: E.M. Aginaga Azketa;
aparejadorea: M. Gabiola 1948


Arkitektoak Getxon egindako enkarguzko lehen lan garrantzitsua da. Idatziz azalduta utzi digu bere jarrera: "Eginda zegoena ez hondatzeko ahaleginak eginez amaitu beharra zegoen (Neguri). Hori Ebanjelioa iruditu zitzaidan niri. Obraren bat egin dudan bakoitzean, tentu handiz jokatu dut beti, eskuinetara begiratu eta zer zegoen ikusi, enbarazurik ez egin, ahotsa ez goratu..." Cisco II egiteko eskatu ziotenean, Manuel M¦ Smith-ek aldamenean eraikitako Cisco I-eko elementu guztien argazkiak egin zituen. Aginagak berak idatzi zuenez "etxebizitza-eraikin bat egin beharra zegoen, baina horren itxurarik eman gabe, teilatu okertuekin, leiho desberdinekin, mehelinik gabe". "Halaber, esan beharra dago jabea oso eskuzabala izan zela eta diru asko gastatu zuela".

Hona, orain, galdera: jarrera hori eta beraren emaitza garai horri zegozkion edo lehenagoko sasoi batekoak ziren? Balizko ikusleak berak erabaki beharko du auzia.

 

ABRAKO ITSAS KLUBA Zugazarte 11 (Areeta)

Arkitektoak: E.M. Aginaga Txurruka, I. Eulate;
aparejadorea: M. Gabiola. 1975


"Nazioarteko estiloaren" tradizioan sartutako eraikina da. Osagai eskultoriko garrantzitsuak, batetik, exageratu egiten ditu Mies van der Rohe-ren arkitekturaren alderdi batzuk; bestetik, "brutalismoaren" ezaugarriak ditu. Horrelakoxeak dira Hirurogeiko hamarkadako arkitektura espainiar onak utzitako eraikin asko ere.

 

ETXEBITZITZA ANITZEKO BI ETXE-MULTZO ONDATEGIN Zugazarte/Lertegui

Arkitektoa: E.M. Aginaga eta Azketa; aparejadorea: M. Gabiola 1962

Lorategi-hiriko giroan, izkina egiten duen orube angeluzuzen handi batean, zortzina etxebizitzako 2 etxeko multzo hau aurkitzen dugu.

Eraikin bakoitzak lau solairuko etxe bikoitza da. Beste osagai batzuk atari gisako erdisotoa, garajeak, zerbitzu orokorrak, etab. dira.

Etxebizitza bakoitzak 400 metro karratu ditu, eta ongi definitutako lau gunetan banatuta dago. Lehena, harrera-gunea, ondoko atalak ditu: halla, aretoa, biblioteka, jangela, bisitarientzako komuna eta zabaltza; bigarren gunea gurasoen atala da; hirugarren guneak seme-alaben logelak biltzen ditu eta laugarrena zerbitzugunea da. Guneen arteko loturak zehaztasunez ezarrita daude, bakoitzaren pribatutasuna zaintzeko. Era horretan bizimodu jakin bat isladatzen da. Zentzu horretan, Eugenio Aginaga arkitektoak eraiki zituen etxeak, antolamendu ona izateaz gain, bizimodu baten adierazle dira. Bizimodu horren genealogia etxe ingelesen tradizioan aurkitzen dugu.

Ingurunearen berezko ezaugarriak eta arkitekturaren adierazkortasuna eguneratzeko beharra ongi orekatuta daude fatxadetan.

Bi eraikinak ondoan daudenez, alboetako fatxadek arindu beharreko aurrealde handia dute. Hori egiteko txapitula bat erantsi zitzaien azken solairuan; berorren estalkia oinplanoaren formatik kanporatzen da, eta horren bidez itxura bereiztua ematen die multzoko osagai orokorrei. Gauza berbera gertatzen da zabaltzetako barandetako diseinu arinarekin, multzoaren indarrarekin kontraste handia baitauka. Kanpoaldean hainbeste nabarmentzen den teilatu horrek pinoi eta tximiniak ditu, eta horri esker hobeto egokitzen zaio, seguraski, lorategi-hiri bati datxekion giroari. Aginagak beste eraikin bikain batzuk egin zituen geroago inguru horretan. Adibidez: Alzola etxebizitzak, Zugazarte ibiltokia Ondategi kalearekin elkartzen den kantoian.

 

ONDATEGIKO ETXEBIZITZA-MULTZOA Manuel Mª Smith kalea 14 (Areeta)

Arkitektoak: E. Eskauriaza, R. Olabarri;
aparejadorea: J.F. Ransden 1985

Mendearen hasieran sortutako aldiri-lorategi batean dago etxebizitza-multzo hau. Inguruan nahasirik ageri dira Bastidak, Smithek eta Garamendik Hogeiko hamarkadan egindako arkitekturak eta Ganak, Chapak, Gortazarrek eta Aginagak Hirurogeiko urteetan egindakoak. Eraikin bikain hau azken urteotako arkitekturaren adierazgarria eta gailurra da.

Arkitektoek elkarri atxikitako etxebizitzak egiteko enkargua jaso zuten, azken urteotan joera hori nagusitu baita higiezinen merkatuan. Erantzuna, arkitekto gazteek oso landua, eraikin bateratu bat sortzea izan zen: programa desberdinak egin zituzten, hainbat sarrera zabaldu zituzten eta batez ere, tratamendu formalari dagokionez, bloketzat hartu zuten eraikina. Osagai bitalista oso onuragarria da estilo "postmoderno" beti laxoaren barruan.

Berriagoa da Bizkargi kaleari atxikita dagoen etxebizitza-multzoa. Berori ere eredugarria da, baina elementu historizistek ez dute horren pisu handia. Egile berberek egin zuten, baina Getxoko Andra Marin dago.

 

RAMON DE LA SOTA LANDETXEA Zugazarte 56 (Areeta)

Arkitektoak: Chatterton, Couch. 1906
Obra-zuzendaria: G. Ibarretxe

Bizkaian parekorik ez duen eraikin baten aurrean gaude. Edurado VII.aren garaiko arkitekto ingeles ospetsu bik Sir Ramon de la Sota-rentzat Ingalaterratik bertatik proiektatutako landetxea da. Eraiki eta berehala, "The Studio" aldizkari garrantzitsuan argitaratu zuten (1908) azalpen labur batekin.

Etxeak arkitektura viktoriarretik mende hasierako helduaroraino gertatutako aldaketetako asko isladatzen ditu. Lehenari dagokionez, Ana Erregina deritzan estilo pintoreskoa da nagusi; bigarrenari dagokionez, berriz, parekotasun askotxo ditu mende hasierako helduaro hori kapitalizatu zuen C.F.A. Voisey-ren arkitekturarekin.

Aurreko aldian eraikitako etxeak baino trinkoagoa eta erregularragoa da. Murruek entokatze lodia dute zuri hits baten gainean, eta nabaria da haien pisua. Estalkia okertasun handikoa da eta masa-itxura du. Zerrenda erregularretan jarritako leihoen kontzentrazioak eta antolamenduak horizontaltasuna nabarmentzen dute. Ezaugarri horiek guztiek goren mailako originaltasuna eta berritasuna ematen diote eraikin bikain honi.