Lanestosa udalerri txiki-txikia da; Bizkaiko ekialdeko muturrean
dago, Calera ibaiaren goi-ibarrean estu sartuta. Bizkaiko Jaurerria eratu zen garaian
Lanestosa balio estrategiko handiko lekua zen, eta horri zor dio bere sorrera. Lekua Alvarez de Santillana familiarena izan zen XI. mendea arte.
Gero, ezkontza baten ondorioz, haren jabe bihurtu zen Lope I¤igez, Bizkaiko lehen
jaunetako bat. Aldi batez, Donemiliagako monasterioaren lurra izan zen. Burgosko
iparraldea itsasoarekin lotzen zuen bidean zegoenez, Lope Diaz de Harok bere eskumendean
lotu nahi izan zuen enklabea eta, halatan, sorrerako hiri-gutuna eman zion 1287an.
Hiriaren egitura amaitu gabeak erakusten duenez,
historiaren isuriak beste bide batzuk aukeratu zituen. Gaztelako bide horrek sekula ez
zuen izan Bilborantz edo Santandarrerantz zihoazen bideek izan zuten garrantzia. Gainera,
itsasotik hurbilago zeuden Kantabriako beste herri batzuek bereganatu zuten protagonismo
nagusia bigarren mailako bide horretan (Ramales, Ampuero eta Laredo bera). Demokrazia
etorri ondoren eta, batez ere, Jose MĒ Makua Bizkaiko Foru Aldundiko buru izendatu
zutenetik, berriro erabili dute -beste arrazoi batzuengatik bada ere- hasierako
balio geoestrategiko hori arestian egin diren inbertsio handi samarretan: berriro
urbanizatu dute Lanestosa, eta orain herri atsegina, zaindua eta polita da, baita apur bat
artifiziala ere Enkartazioetako gainerako herrien aldean. 
Oraindik ere antzeman dakioke egitura gotikoa: hiru kale
ibaiarekiko paralelo eta zeharkako hiru. Hala ere, errepidearen eraginez nagusiki, herria
beste alde baterantz hazi da eta, gaur egun, hiri-elementu nagusiak (plaza, eliza eta
udaletxea) jatorrizko bilbetik kanpoan daude.
Hiri-irudia du elizaren inguruan, galeria eta balkoi
korrituekiko etxeak, plaza eta bide zaharreko zubia baitaude bertan. Etxetzar eta
jauregitxo batzuk ere badaude. Haien  arteko bat dugu Colina etxea.
1763an eraiki zuten, konposizio klasizista-barrokoa da, arkupe irekia du eta oraindik
kontserbatzen ditu harrizko enkatxoak eta jatorrizko dekorazioak, nahiz eta hainbat
etxebizitza egin dituzten bertan. Geroagoko beste eraikuntza batzuk ere badaude, gehienak
XIX. mendearen amaierakoak eta errentariei eta Amerikako emigratzaileei lotuak denak.
Amaitu gabeko Lanestosa horren irudiak ere bizirik iraun du
denboran zehar. Mirabueno kaleko 1. zenbakian dagoen baserria dugu irudi horren
osagaietako bat. XVI. mendearen amaieran eraiki zuten eta
inguru horretako etxeen eredu bikaina da: tipologia kantabriarra, murru edo anta irtenak,
ukuiluak beheko solairuan eta etxebizitza goikoan, zutabe sendoen gainean bermatutako
balkoi korrituak. Bukaeraraino kale horretan paseatzea aski da ikusteko gaur egun nolako
itxura duten sekula eraiki ez zen partzela gotikoko etxadiek. Harrizko murru garaiak
etendako historia baten oroigarriak dira. |