GORDEXOLAKO DORRE-MULTZOA

Zubiete. Zubieta auzoa 68. Egile ezezaguna. XVI-XVII
Oxirando. Oxirando auzoa 1. Egile ezezaguna. XVI-XVII
El Ponton. El Ponton auzoa 23. Egile ezezaguna. XVI-XVII
Birgaikuntza: M. Larrinaga (dekoratzailea) eta A. Fernandez Aldai
(arkitektoa). 1993


Dorre asko dago Gordexolan. XV. mendearen hasierako babes-eraikin militarrak dira jatorriz. Hainbeste dorre egoteak argi erakusten du Erdi Aroan bandoen arteko gerrak oso latzak izan zirela inguru horretan. Bakea ezarritakoan, dorre bakoitzak bere gisako bilakaera izan zuen. Zubietan, esaterako, XVII. mendeko etxetzar klasizista bat erantsi zioten dorrearen bolumen kubikoari; armarria zeukan eta dorrea baino apalagoa zen. Oxirandon, ordea, dorrearen altuera bereko jauregi bat itsatsi zuten XVI. mendean; jauregiak erreferentzia errenazentista ugari ditu, guztien artean hegoaldeko logia goiztiarra nabarmendu beharra dagoelarik. El Pontongo dorreak bakarrik eutsi zion jatorrizko bolumenari; hori bai, XVII. mendean estilo klasizistaren arabera berritu zizkioten fatxadak. Dorre hori dugu, bestetik, zaharberritzen ari den bakarra: arestian salduta, jabe berriek dorrea berritzeari ekin diote, eraikinaren historia osoa berrirakurriz (baita barruko aldeena ere). Ereduzko ahalegina da eta, bakarra izaki, egungo zein etorkizuneko balioa duena.

Udalerrian badaude beste dorre batzuk ere, oso egoera kaskarrean denak: Zaldu, Zabalburu eta Armen Etxea deritzana, besteak beste. Azken hori El Ponton auzoko 7. zenbakian dago. XVI. mendeko jauretxetzarra da eta murru ikaragarri handiak ditu. Oso kubikoa da, horrek garai batean dorrea izan zela pentsarazten duela.

Hainbat zubi zeharkatu beharko ditugu dorre gehienetara iristeko. Zubi gehienak XV. mendetik XVII.era bitartekoak dira.

 

MOLINARKO SAN JOAN LEPOGABETUAREN ELIZA Molinarko plaza 3

XVI-XVIII


Hiru ataletan banatutako nabe gotiko bakarreko eliza izateko proiektatu zuten. Errenazimentua iritsita, nonbait, premia berriak sortu ziren, eta hainbat aldaketa estilistiko egin behar izan zituzten antzinako elizan. Ezkerraldeko albo-kapera erantsi zioten orduan, eta gotiko berantiarreko gurutze-ganga zakarrez estali zuten. Kaperako pasabidea markatzen duen arko kasetoiduna (Sebastian del Terrero) eta elizaren portada ere elementu errenazentistak dira. Ibarreko beste leku batzuetan ere hainbat eraikin errenazentista aurkituko ditugu, oso goiz eraikiak denak.

Geroxeagokoak dira nabearen atzeko atala, korua eta dorrea (Rodrigo de la Cantera, aita eta semea, 1580tik aurrera). Eskuinaldeko kapera, berriz, Martin Zalduak trazatu zuen, eta Pedro de la Biescak eraiki 1713tik aurrera. Beste kaperaren simetrikoa da eta, bestea bezala, nabea baino beherago dago, egun dagoen gurutze zentratuko oinplano aizuna osatuz. Arkupea ere Pedro de la Biesca lan-maisuak egin zuen. Sakristia, berriz, Pedro Garc¡a madrildarraren trazari jarraituz 1791tik aurrera Antonio Etxanizek egindako lan neoklasikoa da.

Oso interesgarriak dira altzari guztiak: sakristiako altzari neoklasikoak, XVII. mendearen erdialdeko erretaula nagusi neoklasizista (Antonio Alloitiz) eta XVIII. mendearen hasierako albo-kapera biak.

 

JAUREGI-MULTZOA

Villa etxea. Sandamendi auzoa 15. Egile ezezaguna. XVII
El Pontongo jauregia. El Ponton auzoa z.g. Egile ezezaguna. XVIII
Villa Cuba. Sandamendi auzoa 2. Arkitektoa: J.M. Basterra. 1931
Urdanegi jauregia. Arrodeiaga auzoa 13. Egile ezezaguna. XVII
Ubieta jauregia. Zubieta auzoa 68. Egile ezezaguna. 1829


Gordexolan oso argi ikusten da dorretxeek jauregi-tipologiarantz izan zuten bilakaera. Villa etxeak, aldameneko Gurrutxaga jauregiak eta El Pontongo jauregiak argi erakusten dute fatxada simetrikoekiko bolumen prismatiko, sendo eta klasizisten nagusitasuna. Hori guztia oso nabarmena da XVII. mendean El Ponton izeneko dorrean egindako eraberritzean. Villa Cuba jauregia geroagokoa da, erregionalismorako bidean dago eta Basterrak horren gogoko zuen klasizismo herreratarraren ezaugarriak ditu. Herriko plazan, berriz, Arestiko kondearen jauregia dago, gerraosteko eraikin "herreratarra". Berori eta Villa Cuba, jatorriz, etxetzarrak ziren; jauregi-itxura geroago hartu zuten, eraberritu zituztenean. Aipatu ditugun jauregi guzti-guztiek gustu erromantizistaren araberako loretoki eder-ederrak dituzte, landare exotikoz jantziak denak.

Urdanegi, ordea, tipologia errenazentistako jauregia da: eraikina inguruari gailentzen zaio, dorre bikoitzak ohiko jauretxetzarra besarkatzen duela. Ubieta jauregia ere tankera horretakoa da eta oso berandu berregin zuten erromantizismo neoklasikoaren arauei jarraiki. Tipologia horretako eraikin banaka batzuk soilik aurkituko ditugu Bizkaian. Kantabrian, ordea oso ugariak dira (Ont¢n, Liendo, Solares...). Baita Latinoamerikan ere. Hori ez da harritzekoa, jauregi horiek eraikitzeko dirua Amerikatik etorri zen eta.

 

SANTA ISABEL KOMENTUA Sandamendi auzoa 39

Egile ezezaguna. 1668-1682


Moja frantziskotarren komentua izan zen antzina. Eraikin klasizista da, tipologiagatik eta barruko ezaugarriengatik arrunt samarra bere garairako. Aitzitik, kokapena eta kanpai-hormaren kanpoaldeko soslaia oso pintoreskoak dira.