SAN SEBERINO ELIZA San Seberino plaza 1
Egile ezezaguna. 1450 ing.

Kristoren kapera: J. Rasines. 1535
Dorrea: Frai Marcos de Santa Teresa. 1726
Fatxadak: L. de la Incera. 1730


Donejakueren izenpeko tenplua da, XV. mendearen erdialdean harresiaren gainean eraikia, Erdi Aroko hiri-antolamendua fokalizatzen zuen orube batean. Tenplu gotikoa da, hiru nabe ditu, mailakatuak, eta bost hormataleko aurrealde zabala, frantses-kutsukoa. 1535ean Rasines kantabriarrak Kristoren kapera trazatu zuen Urrutia familia aberatsarentzat. Burgos aldean hain ospetsuak izan ziren hilobi-kapera oktogonalen lehen alea dugu Bizkaian.

Gerora garai desberdinetan egindako berritze-lan barrokoek tenpluaren kanpoko profila itxuraldatu zuten, lehen ez zeuzkan mugimendua eta bertikaltasuna erantsiz.

 

ZUBI ZAHARRA San Lorentzo auzoa

Egile ezezaguna. XII-XV-XVI


Bizkaiko ibaien aldian aldiko ur-goraldiek Erdi Aroko zubi gehienak suntsitu dituzte. Zubi Zaharrari bigarren mailako lekua dagokio Balmasedako bide-sarean, baina zutik iraun duen zubirik ederrena da, jatorrizko ezaugarriak ondoen gorde dituena. Bizkar-itxurako profila du, eta hiru begi desberdin. Zubi-bularrek branka-itxura dute eta haietako baten gainean dorretxo bat dago. Dorretxoak arku gotikoa du, eta goiko aldean zaingo-gela bat, zeinean pintura errenazentisten hondarrak baitaude (hiribilduaren armarria, kutxin-formako paramentu itxurazkoak...) zurezko armazoi kaskarra ezkutatzeko.

 

URRUTIA JAUREGIA Correría kalea 36

Arkitektoa: M. Ibañez de Zalbidea. 1615


Jauregi klasizista soil honek hiru orube hartzen ditu hiriaren Erdi Aroko aldean. Zalbideak, bere belaunaldiko arkitektorik jantzienak, partzela osorik betetzeari uko eginik, bolumen kubiko ageri bat sortu zuen, fatxada guztietan argi-baoak zituena. Arestian egindako berritze-lanek zortzi etxebizitzatan zatitu dute barruko aldea eta erabat itxuraldatu dute estalkia. Orain, fatxadako oinplanoa besterik ez da geratzen behinolako egoitza aristokratikotik. Zorroztasun klasikoz eginda dago, soila eta ornamentaziorik gabea da. Nabarmen geratzen da erdiko ardatza, sarreraren alboetan koloma toskanarrak eta balkoi nagusian Serlioren eskolako zapatak dituela.

 

SANTA KLARA KOMENTUA AEnkartazioen hiribidea 1

Egile ezezaguna. 1645-1675
Tutoretxea: P. Ocejo



Komentu hau, herriko irteeran estrategikoki kokatua Burgosko bidearen gainean, Juan de la Piedrak Panamatik bidalitako ondare oparoari esker eraiki zen.

1666ko udazkenean inauguratu zuten eta, inondik ere, garai hartan inguruko eraikuntza-merkatua erabat hartuta zeukaten maisu kantabriar bikain haietako batek trazatu zuen. Eraikin klasizista soilez osatutako multzoa da. Bi eraikin nabarmengarri ditu: komentuko eliza, gurutzea ondo markatuta duen gurutze-formako oinplanoa daukana, eta "tutoretxea" deritzana. Berori dugu, hain zuzen ere, Bizkaian kontserbatu den ikastetxerik zaharrena.

 

BUNIEL JAUREGIA Martin Mendia kalea 14

Egile ezezaguna. 1710 ing.


.

Bolumen paralelepipedoko etxe handi eta dotore honek oso-osorik hartzen du Balmasedako Erdi Aroko kale-sarearen behealdeko etxadi bat. Orubearen neurriek ez dute parekorik Bizkaiko Erdi Aroko beste ezein hiribildutan. Burdinsarez itxitako lorategi erromantikoa dauka inguruan eta gaur egun giro lasaia ematen dio hiri zaharreko alde horri.

Ez da bloke trinkoa: pilareen gainean bermatutako arkuekiko argi-patio txikia dauka, ezaugarri horrek tokiko gainerako
arkitektura barrokoetatik bereizten duelarik. Fatxada nagusia ordenaren eta benazko soseguaren eredu da: bost balkoi-ardatzen arabera antolatuta dago eta portadak koloma korintoarrak ditu albo banatan.

 

MENDIA TXALETA ETA VILLA LOLA Magdalena kalea 9 eta 11

Egile ezezaguna. 1895 ing.


Lorategiz hornitutako bi egoitza hauek Urdializeko errepidearen gainean daude, herriko irteeran. Mende amaierako Europako eredu eklektikoen jarratzaile doiak dira. Mendia txaleta Martin Mendia indianoak eraiki zuen Mexikotik itzulitakoan. Etxe osoak, baita goiko terraza desegokiak ere, Liguriako eta Rivierako kostaldeko arkitektura italiar klasikoa du eredu. Villa Lola, berriz, Crisanto Calvo industriari balmasedatarrarena da. Diseinuz arrunta bada ere, Belgikako neomediebalismoaren estalki konplexuak berrartu zituen.

 

UDALETXEA San Seberino plaza

Arkitektoa: M. Vierna. 1743
Arkitektoa: A. Goikoetxea. 1851


Plazaren alde bat ixten duen zoko bildu batean kokatuta, Balmasedako udaletxeak berezko aldaparen goranzkoa indartzen du bere harmailadiarekin, horrek nolabaiteko monumentu-izaera ematen diolarik. Eraikin barrokoa da eta asmo mimetikoz egindako berritze-lan neoklasikoak ditu. Beheko solairuak merkatu-plaza zabala aterpetzen du eta lehen solairuan udal-gobernuaren egoitza dago. Sei hormarteko eta bost nabe ageriko arkupea dugu proiektuaren aurkikuntzarik onena. Arkupea guztiz libre uzteko, arkitektoak atzeko fatxadari atxikitako eraikin-atal batera atera zuen eskailera-kaxa.

 

LA ENCARTADA El Peñueco

Egile ezezaguna. 1892


Mexikotik ehungintzan aberastuta itzuli zen indiano-talde batek txapel-fabrika hau fundatu zuen 1892an. Interes handiko eraikina da Europako industri arkeologian. Fabrikaren egitura arkitektonikoa guztiz arrunta da: hasieran bina solairuko lau nabe zituen, eta geroago hiruna soilairuko beste bi jaso zituzten. Hala ere, beste bat da fabrika honen berezitasunik interesgarriena: oso-osorik kontserbatzen ditu artiletik txapelarainoko produkzio-prozesuan erabiltzen ziren makina ingeles guztiak, baita turbina eragilea eta polea-ardatzen bidezko transmisio-sistema ere. Luze gabe museo bihurtuko dute.