OLABARRIETAKO SANTO TOMAS ELIZA Elizondo auzoa

Egile ezezaguna. 1520 ing.
Ataria: 1678
Dorrea: G. Kapelastegi. 1764
Enkatxoak: M Gorostiza

Parrokia-eliza ikusgarria eta oso ondo kontserbatua. Ibarreko populazio-guneetatik bereizita dago, bakartuta, zuhaitzez jantzitako muino baten tontorrean. Estilo gotiko-errenazentistakoa da eta nabeak gurutze-ganga interesgarriak ditu. Oroz gaindi, nabarmentzekoa da presbiterioaren gainean dagoen izar-formako estalki oktogonala. Berori dugu, hain zuzen ere, XVI. mendearen hasierako Bizkaiko arkitekturaren emaitzarik erakargarrienetako bat. Ataria ezohikoa da eta horrek balio handia ematen dio: egitura perimetral zabala da, arrosaz, astroz eta enkatxozko labirintoz jositako zoladura duena. Dorrea, barroko berantiarra, Gabriel Kapelastegik (1764) egin zuen lehenetarikoa da. Arkitekto horrek berak egin zuen Bilboko San Anton elizako kanpandorrea. Sakristia, berriz, Juan Bautista Ibarrak erantsi zuen 1751n eta parrokia-museo txukuna aterpetzen du. Xabier Ortega arkitektoak egindako zaharberritzeak eman zion, neurri handi batean, egungo itxura.

 

ANDRA MARI ERMITA Zeberiogane auzoa

C. Bernaola. 1550 ing., 1617, 1844

Mendiko ermita hau geografikoki bakartuta dago. Hori dela eta, gora-behera askoko bizitza izan du: behin baino gehiagotan lurrera erortzeko zorian egon da, eta beste hainbestetan konpondu izan dute. Beraz, ez dago plan bakar baten arabera eginda eta, horrenbestez, mota askotako elementuak ditu nahasirik, elkarri enbarazurik egin gabe baina. Zurezko saretadun koru ederra dauka, XVI. mendearen erdialdean landua eta polikromatua; nabea klasizista da, luzea eta interesik gabea, eta lunetaz hornitutako gangak ditu (1617); Cristobal Bernaolak kupula bat jarri zuen gurutzaduraren gainean (1844); Juan Iturburuk, Bilboko Areatza urbanizatu zuenak, kanpai-horma lirain bat erantsi zuen 1775ean. Eliztarrek berritu zuten 1990ean, borondatezko lana eginez.

 

SAN ANTONIO ERMITA Elizondo auzoa

T. Goya? 1731

Bizkaian "gurutze-tokiak" deitzen ziren bide-bazterreko santutegien adibiderik nabarmengarrienetakoa da. Zabalik dauka fatxada nagusia, tratalariak eta bidaztiak handik pasa zitezen. Gainera, arkupe zabala dauka, jendea eguraldi txarretik babesteko. Eliza txiki honek gangaz estalitako hiru atal ditu, eta arku handi bat hormapikoan, burdinsare barroko bikain batek babestua. Hormapikoaren aurrean, berriz, ataria dago, oso garaiera handiko plinto baten gainean ezarritako kolometan bermatuta.