UGARKA BASERRIA Ugarka auzoa

Egile ezezaguna. 1530 ing.

 

Bizkaiko arkitektura herrikoiaren baserri-motarik zaharrenaren azken fosil biziduna da. Oso-osorik gorde du haritzezko zutabe-egitura eta, mirarizkoa dirudien arren, baita barruko espazioen modulazioa eta giroa ere. Mihiztatutako oholez egindako holtzak eta itxiturak ditu. Sukaldeak erdiko sua eta mahai eraisgarriak ditu, eta ke-tiro arkaiko gisa balio duen armadura tronkopiramidaleko sabaia. Aldapa latzeko lursail batean kokatuta, horretaz baliatzen da bi kotetan sarrerak zabaltzeko. Horri esker, gizakien eta abereen arteko bereizketa argia eta garbia da. Aise ikus daiteke Zeanuritik Areatzara doan errepide zaharretik, baina zail samarra da haraino iristea.

 

GALLARTE AUZOKO BASERRI-MULTZOA Altzusta auzoa

Egile ezezaguna. XVI


Laborantza-etxe hauek mendi-maldaren erdialdeko zelaigune batean daude eta Gorbeiako mendiguneko paisajeen ikuspegi zoragarria dute. Baserria, berez, bizitza bakarreko etxea da, mendian edo zelaian bakartuta egon ohi dena. Hemen, ordea, elkarrengandik hurbil daude, kale bat osatuz, baina, hori bai, eguzki aldera begira jarrita denak. Baserri hauek abiada bizian narriatzen eta berezko tipologia galtzen ari dira azken urteotan. Hala ere, egitura ageriko eta zurezko itxiturako baserri gehien dituen auzoetako bat da Bizkaian. Horren erakusgarri ederra da Gallarte baserria (planoa ikus dezakezu liburu honetan). Ganbara banatzen duten zurezko itxiturak kontserbatzen ditu oraindik. Zutabe-egitura nahasi samarra du, garai desberdinetan egindako berritze-lanen ondorioz seguraski. Dena dela, garai hartako landa-arkitekturetan hain zabalduta zegoen kanpoko irudia gorde duten baserri bakanetako bat da.

 

ZULAIBARKO LANBIDE-HEZIKETAKO IKASTETXEA
Zulaibar auzoa

Arkitektoa: I. Bilbao. 1965


Parrokia-izaerako fundazio batentzat egindako eraikin hau hezkuntza-sare publikoaren barruan dago gaur egun. Batez ere eskualde honetan obra ugari jaso zituen Ignacio Bilbao arkitektoak diseinatu zuen. Garai hartan Bizkaian beste erakin batzuk ere utzi zituen joera arkitektoniko italiarraren erreferentzia aberatsa da. Oinplanoa ardatz lineal baten gainean dago. Pilare makurrekiko arkupea dauka sarrera nagusian. Arkupe horren estalkia asimetrikoa da eta bi isurialde ditu. Aurrealdeak eta, oro har, eraikin osoak Aginaga maisuarekin duten erlazioa gidaliburu honetako beste orrialde batzuetan aurki daiteke. Nabarmentzekoa da dama-joko taularen itxurako alboko fatxada. Jatorrizko eraikina handitzeko geroago egindako lanak ez ziren horren arrakastatsuak izan.

 

AKEURI DORREA Asterrika auzoa 61

Egile ezezaguna. 1510 ing.


Ardura gutxiz egindako berritze-lanek itxuragabetuta eta narriatuta, Akeuri dorrea bakarturik dago irteerarik gabeko ibar baten sakonean. Harrizko bolumenak eta ojiba-bao ugariko fatxaden antolamenduak Erdi Aroko aitonen semeen egoitzen airea ematen diote. Izan ere, etxebizitza zen babes-eraikina baino gehiago.