ARANGUREN DORRETXEA Aranguren-Ibarra auzoa 11
OROZCO

Egile ezezaguna. XV-XVI

 

Aranguren dorretxea ez da, berez, eraikin militarra. Aitzitik, sasoi baketsuei lotutako egoitza-asmoak erakusten ditu. Bao konopial eta zorrotzek erlijiozko eta heraldikako motiboekiko baxuerliebeak dituzte, eta bolekiko ornamentazioa, XV. mendearen amaieran eta XVI.aren hasieran oso ohikoa zena. Haien banaketa ordenarik gabeak berak garai horretan kokatzen ditu. Erabilerei dagokienez ere eraikinak hainbat nahaste ditu: beheko solairuan ukuilua dago eta goikoan, berriz, egongela fatxada nagusiaren aldean, sukaldea atzekoan eta logelak albokoetan. Kanpoaldean horren nabarmen ageri den zurezko armazoiko hegalkina lastategi xume bihurtzen da funtzioen hierarkizazio horretan. Monumentu izendatu badute ere, oso egoera txarrean dago eta gero eta gehiago narriatzen ari da.

 

ZALOA ETA URIGOITI AUZOETAKO BASERRI-MULTZOAK Zaloa eta Urigoiti auzoak
OROZCO

Egile ezezaguna. XVI.etik XVIII.era

Bertako etxeen eta paisajearen pintoreskismotik haratago, auzo hauek historian zehar Gorbeiako mendigunearen maldetan osatu diren baserri-guneen arketipoa dira. Sakabanaketa saihestu duten etxe-multzoak dira, San Pedro edo Santa Maria eta San Lorentzo ermiten inguruan estu bilduak, sartalderantz orientatutako maldaren goialdeko terrazei atxikiak. Haietako batzuk (Munuko Goikoa eta Etxebarreko, besteak beste) bizitza bakarreko eraikin zaharrak dira; XVI. mendearen hasieran eraiki zituzten eta agerian dute zurezko egitura. Beste batzuk (Basterreko eta Sarreneko, esaterako) bi edo hiru mende geroago eraiki zituzten, kargamurruak dituzte eta baserritar maizterren bina familia aterpetzeko proiektatuta daude.

Zaloa auzoan, Santa Maria ermita bisitatu beharra dago. Oinplano bakuna du, erromanikoa kontzeptuz baina zurezko kanoi-kupula batez estalia. Zurezkoa du korua ere. Atariko arkupea aurreratuta dago eta hormaren altuera osoa hartzen du, teilategaletik bertatik hasita eta oineraino; estalki bateratua eta zurezko zutabeak ditu. Emaitza ederreko arkitektura herrikoia da, geroago Diman, Zeberion eta beste hainbat lekutan eraikiko ziren harrizko ermita edo gurutze-toki klasizisten aitzindari landu gabea (Diman eta Zeberion, besteak beste).

 

ANUNTZIBAI ZUBIA Anuntzibai auzoa
OROZCO

A. Vega eta M. Larrea. 1731-41



Autobideko ordainlekuaren eskuinaldean dago, Areta-Laudioko irteeran. Ibaiaren alde bateko San Migel ermita eta dorrea eta beste aldeko burdinola zaharra lotzeko eraiki zuten zubi hau. Antzinako dorrea goitik behera berritu zuten 1940an eta jatetxea da orain. Antonio Vegak egin zuen zubiaren proiektua; hamar urte geroago, Falcesko markesak proiektu hori gauzatzeko eskatu zion Martin Larreari. Bizkaiko zubirik monumentalena da, Balmasedakoa alde batera utzita. Bizkar-itxurako profila du, eta begi bakarra. Eskuineko ibaiertzean bi podium ditu, gainaldean alegiazko animaliaz apainduak. Ezkerreko ibaiertzean (Araba) garaipen-arkua dauka, alboetan familiaren armarriak eta gainaldean frontoia dituena. Frontoiak, berriz, kalbarioa dauka erpinean, eta Ama Birjinaren eta San Joanen irudiak muturretan.