SANTA MARIA ELIZA Andra Mari plaza 19

Egile ezezaguna. XV
Kanpandorrea: M. Ibañez de Zalbidea. 1617
Ataria: M. Carrera. 1789-1791
Zaharberritzea. Arkitektoa: G. Panera; aparejadorea: F. Agiriano.
1993-94

 



Hiriaren hegal batean dago, lehenago beste tenplu bat egon zen tokian. Babes-harresiaren zati bat zen, hainbesteraino, non kanpoaldeko horma-bularrek erdi-puntuko arkuak baitituzte jendea pasatzeko. Adarbe hau, oraindik ere zutik dirauena, XV. mendean eraiki eta XVI.ean handitu zuten. Hori dela eta, eraikin gotiko hau Bizkaiko berezienetakoa da.

Santa Mariaren tenplu ikaragarri handia XV. mendearen erdialdeko eraikina da. Hiru nabe, transeptua eta abside zuzena ditu, gurutzeriaz estalita. Horma-bularren artean, tenpluaren barruko aldean, tokiko nobleek beren kaperak ezarri zituzten saindu desberdinen izenpean. Dorrea atzealdean dago eta Martin Carrerak L formako arkupe neoklasiko bat jaso zuen haren aurrean.

 

FAMILIA SAINDUAREN ELIZA Foruen plaza 5

S. Raón. 1680


Hiri-bilbeko leku nabari batean kokatuta, jesuiten ikastetxeak eta elizak hiriaren Erdi Aroko morfologia aldatu zuten eta, aldi berean, barrokoa sartu zuten Bizkaian. Eliza honek estilo iritsi berriaren ezaugarri guztiak ditu: fatxadak jesuiten tenplu nagusiko hiru nabeak iragartzen ditu; atariko arkupearen ostean, gurutze latindarreko oinplanoa aurkituko dugu, transeptu eta guzti. Sakristiak (josefinoen kapera gaur egun) aurrealde zuzena inguratzen du. Estalkia lunetaz hornitutako kanoi-gangaz eginda dago, eta gurutzaduran petxinek eutsitako kupula bat dago. Espazioak modu ordenatuan betetzen dituzten erliebe ugariz apainduta dago eliza, dekorazioa oparoa eta trinkoa da: inguru paregabea Kontrarreformaren ekitaldi ospetsuetarako. Perun bizi ziren Juan Urdanegi eta Constanza Luxanen mezenasgoari esker eraiki zen eliza. Aurrealdean gorderik daude bien gorpuzkinak eta erretratuak. 1964an, Murialdoko aita josefinoek eskuratu zuten ikastetxea.

Erromako Gesuko eliza (Vignola 1568-76) erlijiozko tipologia barrokoaren jatorria izan zen eta kristiandade osora zabaldu zuen bere eragina. Noizbait, Bizkaira ere iritsi zen, Urduñatik, Familia Sainduaren eliza honen bidez. Jesusen Lagundia, elizaren jabea izateaz gain, Trentoko kontzilioaren propagandista izan zen, eta eliza barrokoaren babesle sutsua.

 

ANTIGUAKO ANDRE GUREAREN SANTUTEGIA Antigua auzoa

J.B. Ibarra eta A. Vega. 1754-1782
Zaharberritzea. Arkitektoa: J. Saez; aparejadorea: F. Agiriano.
1990-92


Agirietan aipatzen den Bizkaiko lehen tenplua da. Arku zorrotzeko sarrera gotikoa eta egungo elizaren hegal batean dauden hondar banaka batzuk dira jatorrizko eraikinetik geratu diren aztarna bakarrak. Fededunen kopurua goraka zihoanez, XVIII. mendean eliza hau eraiki zuten J.B. Ibarraren traza bati jarraituz, gurutzadurarik eta kupularik gabe. Geroago, hainbat berritze-lan egiteko proiektua onartu zuen Vegak. Emaitza gurutze latindarreko eliza bat izan zen, kupulaz estalitako gurutzadura eta fatxada barroko soila zituena. Nabaria zuen jesuiten antzinako elizaren eragina. Bolumenak gainjarri eta gurutzatu egiten dira kanpoaldean, harmonia handiko multzoa eratuz. Barruko dekorazio piktorikoa artista gasteiztarren lana da (1894-95). Santutegiak Arabara eta Burgosko iparraldera zabaldu du bere eragin izpirituala. Alzariei dagokienez, Berant Erdi Aroko Andra Mari bat nabarmendu beharra dago.

 

URDUÑAKO PLAZAKO ERAIKIN-MULTZOA

   

Hiribildua eratu zen aldi beretsuan sortu zen plaza, harresiz kanpoko azoka-eremu gisa. Oso elementu berezia da, harrigarria bere dimentsioagatik beragatik, ezohikoa Bizkaiko Erdi Aroko hiribilduetan, irudi sendokoa eta arkupez hornitua ia inguru osoan. Urduña 1256an fundatu zuten eta haren eginkizun nagusia Gasteiztik edo Miranda de Ebrotik Enkartazioak-Urdializerantz edo Bermeo-Bilborantz zihoazen bideak babestea zen. Dena dela, hala hiribilduak berak nola plazak ere garrantzi ekonomiko eta sozial handia izan zuten. Hala erakusten dute behintzat plazaren neurriek (ia osorik hartzen du jatorrizko hiru kaleen zabalera) eta Erdi Aroko aldearen tamainak (Bizkaiko handiena).

Hainbat agirik harresira ematen zuten arkuekiko eraikinen aipamena egiten dute. Hala ere, 1536an hiribildua ia erabat birrindu zuen sutearen ondoren hasi zen Urduña egungo itxura hartzen. Mimenza jauregia (Foruen plaza 11, Orduño kaleko kantoian) 1555ean eraiki zuten eta garai hartako Urduñaren erreferentzia errenazentista da: arkupeak ditu, adreiluzkoa da, burdinurtuzko balkoiak ditu eta hiribilduak Gaztelarekin edo, zehatzago esanda, Austriako etxeak Valladoliden zeukan gortearekin zituen hartu-emanen adibide arkitektoniko eta urbanistikoa da. Plazaren alde berean Diaz-Pimienta jauregi barrokoa dago (Foruen plaza 14); tamanina handiko eraikin sendoa da; aurrealdeari aparteko garrantzia emanez eraiki zuten, plaza aldean dorre bikoitz bat jarrita. Hiritarra da, arkupe jarraia ezezik, balkoi korritua ere baduelako. Jai-giroko elementua dugu hori, berria eta oso bere garaikoa. Bi jauregi horietan hainbat etxebizitza daude gaur egun.

Udaletxea dugu beste eraikin deigarri bat. 1771n eraiki zuten, aurreko udaletxearen osagai izan ziren harresian eta dorrean bermatuta. Proportzioak eta fatxadako erritmoak bikainak dira, oso erakargarria da bistarako eta konposizio berdingabea du. Honek ere balkoi korrituak ditu lehen solairuan. Aduanaren eraikinak plazaren alde oso bat hartzen du; Olagibel arabarrak eraikinaren trazetan esku hartu zuelakoa egia zein gezurra izan, kontua da oinarrizkoenera murrizten dituela Frantziako neoklasikorik erradikalenaren planteamendu asko: espresibitate minimoa, atal eta baoen kopuru bakoitia, ertz zorrotzak, material purua. M.M. Carrerak eraiki zuen 1787-92an, koroak ordainduta; horregatik ageri da frontoian erregearen armarria.

Etxe-multzo batek osatzen du espazio hau. Gehienak XIX. mendekoak dira. Mende honen hasieran berriro urbanizatu zuten plaza, egungo zuhaitzak, kioskoa eta iturria jarrita. Bere garrantzia handia dela eta, Familia Sainduaren elizak aipamen berezia merezi du.

 

LLAGUNO ETXEA Antiguako pasealekua 7

Arkitektoa: E. Amann. 1913


Trenbidea Urduñara iristearekin, hiribilduaren mendebaldeko sektoreak balio berria hartu zuen, hiri-lorategi izaerako "zabalune" bihurturik. 1905ean, F. Ugaldek hiria zabaltzeko plana idatzi zuen, baina agintariek sekula ez zuten onartu. Hala ere, jabe berriek eta arkitekto-talde batek bere egin zituzten, neurri handi batean, Ugalderen asmoak. Begi onez zekusaten bizitegiei buruz Ugaldek azaldutako "filosofia", eta etxeak eraiki zituzten.

Pasealekuan badaude oraindik M.M. Smithen edo Apraiz arabarraren etxe batzuk. Haien artean nabarmentzekoa da Llaguno etxea, Emiliano Amannen lan goiztiarra baina garrantzitsua, ezinbestekoa bere bizitza profesionalean ibili zuen bide sortzaile zabala ulertzeko. Erreferentzia erregionalistak etxearen aurreneko ikuspena dira, guztiz engainagarria gainera. Alboetako eta atzeko fatxaden konposizioa garbia da, apaingarririk gabea, Amannek hain ondo ezagutzen zuen Europaren Erdialdeko gustuaren araberakoa. Etxea, berriz, lorategiaren perspektiba erromantiko baten barruan dago, atzealdeko baratze zabalei gailendurik. Etxeak asko du Luthiens ingelesak giroa integratzeko erabiltzen zuen moldetik, bai kanpoko espazioak menperatzeko eran eta bai kanpoarekiko ikusizko jarraipenean. Etxearen kontzeptua lehen begiratuan eman dezakeen baino askoz ere aurreratuagoa da, oso urrun dago inguruko beste etxe batzuen izaera eklektikotik eta egilaren ondorengo lanetan nagusituko zen sinplifikatzeko joera erakusten du.