PIETATEAREN ERMITA Elexalde auzoa 81

Egile ezezaguna. 1716

Gurutze-toki hau plazaren eta parrokiaren artean dago eta nabarmen geratzen da haren monumentalitateagatik. Tipologia horretako guztiei gailentzen zaie, bai bere tamainagatik eta bai bikain eginda dagoelako. Oinplano angeluzuzena du, eta hiru hormataleko aurrealde oktogonala. Fatxada zabaltzen duen erdi-puntuko arku handiak baxuerliebez apaindutako dobelak ditu eta kalitate eta edertasun handiko burdinsare batek babesturik dago. Nabarmengarriena ordea, arkupe zabala da: aurreratuta eta koloma toskanarren gainean bermatuta dago; koloma horiek, berriz, baxuerliebezko podiumak dituzte euskarri. Eraikin berantiar samarra da, aurreko mendean ohikoagoa zen tipologia bat birsortzen baitu.

 

HILERRIA Elexalde z.g.

C. Bernaola. 1841
P.L. Bengoechea. 1885
J.H. Murga. 1931



San Pedro elizaren gainean dago eta, tokiko orografia malkartsua dela eta, bost terrazatan mailakatu behar izan zuten. Horixe dugu, hain zuzen ere, Dimako hilerriaren berezitasun nagusia. Cristobal Bernaolak, jatorrizko diseinuaren egileak, gustu grekoko kapera bat jarri zuen alderik goienean. Portada espresibitate handikoa da, ateburua dauka eta pilastra molduratuak alboetan. Hilerria txiki geratu zen berehala, eta birritan handitu zuten: Pedro Luis Bengoetxeak 1885ean eta Jose Hermenegildo Murgak 1931n. Jatorriz 130 m2 karratu besterik ez zuen; handitu ostean, berriz, 4.000 m2.

Hilerriaren aurrean San Pedro eliza dago. Dorrea bakarrik geratzen da jatorrizko eraikin barrokotik. Alejo Mirandak proiektatu zuen 1793an, eta 1942an berreraiki zuten sute batek suntsitu ostean.