IŅURRIA ETXEA Goieneko, 2
SOPELA

Arkitektoa: J.M. Chapa; aparejadorea: J.M. Garrķs1963


Iņurria eskultore eta pintorearen estudio eta udako egoitza dugu eraikin txiki hau. San Pedro parrokiatik hurbil dago, toki ireki, apur bat garai eta ia erabat horizontal batean. Iparraldean eta mendebaldean Berangoren eta hondartzaren ikuspegi zabala dauka.

Etxebizitza eraikinaren barruko aldean dago, eta pintura-estudioa, aldiz, iparralderantz eta mendebalderantz orientatuta zerbitzu-aldearen gainean, egongela/jangelarekin bat eginik. Hori da etxeko lekurik erakargarriena.

Estalkiak kartaboi-forma du, Iņurriak egindako bizitza bakarreko etxe guztietan bezala. Etxe honetan baina, beste edozeinetan baino egokiagoa da estalki-mota hori, zeren etxeak irekiune zabalak behar baititu estudioa argitzeko eta, batez ere, etxeko beharrizanetarako aldea eta "atelier"-a bateratzeko. Horrek ia eguneroko izaera ematen dio jarduera artistikoari.

Kanpoaldeko itxura eta, bereziki, materialak orientazioaren araberakoak dira. Iparralderantz eta mendebalderantz orientatutako hormak landu gabeko harri arruntez eginda daude, zokaloa bera bezala. Gainerako hormak besterik gabe pintatuta daude. Estalkia altzairu industrialez egindako xafla trapezoidala da.

Iņurria etxearen aldamenean, arkitekto horrek Vicente Garairentzat egindako etxea dago. Iparrekialderantz, berriz, hurbil dauka Juan Madariagak Ramon Artazarentzat egindako etxea. 60ko urteen hasierakoak dira biak.

 

KRESALA ETXEA Itxasgane, 27
SOPELA

Arkitektoa: J. Madariaga; aparejadorea: N. Madariaga 1965

 

Lekua paregabea da eta eraikina bat dator inguruarekin: hondartzaren gainean bakartutako etxea da, oso aldapa piko batean kokatua. Itsasoaren gaineko ikuspegi ezin hobeak ditu. Tamalez, haizaldeko ekaitzetara begira dago.

Eraikinak L ireki baten forma du eta sestra-kurbetara egokituta dago. Horizontalki garatzen dela esan badaiteke ere, beheko solairuak barrurantz sartutako terraza estali baten itxura du. Hondartzara ematen duen aldean dago eta arestian itxi egin dute. Solairu nagusia lursailaren mailan dago HE-an. Alde hori berdinduta dago aire zabalean egoteko leku atsegina osatuz, ondo orientatua eta eraikinak berak haizetik babestua. Piszina ere alde horretan dago, etxea baino beherago. Horrela, alderdi horrek lorategi pribatuarekin bat egiten du plano mailakatuen bidez (murruak, landu gabeko harrizko jardinerak eta eskailerak) estilo neoplastikoaren arabera. Oro har, etxe barruko esparru antzeko bat eratzen da horrela. Berriro ere nabarmendu nahi ditugu barrualdearen eta kanpoaldearen arteko lotura estua eta komunikazioa.

Bai L irekiak eta bai antolamenduak berak arkitekto horrek Nikola Madariagarentzat Bakion egindako etxea gogorazten digute. Hala ere, Plentziako honek badu berrikuntza bat: sabaiko oholtza zaindua.

Bi isurialdeko teilatua teila arabiarrez eginda dago, hormak zarpeatuta eta tirolesetan amaituta daude, zur-lanak iparraldeko pinu-egurraz eginak dira eta, azkenik, lorategia inguratzen duen horma hormigoi abuxardatuzkoa da eta zurezko xafla gurutzatuz burututa dago. Horiek guztiak material apalak dira, arte-lan hau egin zuten arkitektoak eta artisauek maisutasun handiz landuak.