SANTA MARIA MADALENA ELIZA Eleiz Enparantza, 16
PLENTZIA

Egile ezezaguna. XV
S. Atxukarro, J.J. Bilboa, M. Durana. 1887

 

Diego Lopez de Harok oso goiz fundatu zuen Plentziako hiribildua (1299an). Jatorrizko eliza orduan eraiki zen, baina goitik behera berreraiki zuten XV. mendean. Gaur egun ezagutzen dugun eraikina, beraz, garai horretakoa da.

Tipologikoki eraikin gotiko trinkoa da, ez oso handia. Bizkaiko itsasoaren kostaldeko beste herri batzuetan dauden bigarren mailako zenbait elizaren antza du, bana bere berezitasunak ere baditu: basilika tankerakoa da, pilareak sekzio oktogonalekoak dira eta albo ahurrak dituzte... Joan den mendea arte zurezko armadura zahar batez estalita egon zen, baina, oso egoera txarrean zegoenez, berritu egin behar izan zuten. Severino Atxukarrok kostu handiko proiektu bat aurkeztu zuen. Azkenean, aldaturik, Juan Jose Bilbao Lopategik eta Melitón Duranak gauzatu zuten 1887tik aurrera. Egungo teilatua Viollet-le-Duc-en marrazkietan inspiratutako zurezko lan neogotiko ikusgarria da. Herritarrek bildutako diruaz egin zen, Amerikako eta Filipinetako emigranteek diru-alde ederrak jarri zituztela.

Atzealdeko dorrea ukitu gabeko prisma gotiko trinkoa da. Garai hartan Erandio, Nabarriz, Deba, Arrasate eta beste herri batzuetako elizetan jasotako dorreen antza du.

Bestetik, XV. mendean egindako alabastrozko erliebe miragarriak ditu. Jatorri ingelesekoak dira eta Kristoren pasioa irudikatzen dute. Ezinbestean ezagutu beharreko eliza dugu, bada, Plentziako Santa Maria Madalena.

 

ASTILLERO PLAZA Astillero plaza z.g.
PLENTZIA

Udaletxea: 1922
Pilotalekua. Arkitektoa: A. Araluze. 1924
Labasture etxea. Arkitektoa: A. Araluze. 1925

 

1893an Plentziaraino luzatu zuten Bilbotik Getxora zihoan trenbidea. Horren eraginez, Erdi Aroko hiri harresitua bere izaera aldatzen hasi zen eta, luze gabe, balneario-herri bilakatu zen. Muino baten tontorrean zegoen plaza zaharraren ordez, itsasadarrera zabaldutako plaza handi bat egin zuten garai batean untziola egon zen tokian. Horixe izan zen hiriaren aldaketa urbanistikoaren hasiera. Zabaldegi hori itsas pasealekuaren fokoa zen eta haren inguruan eraiki zituzten bidaiarientzako hotel frantses- kutsuko bat (El Palas) eta kasinoa. 20ko urteetan, beste hainbat eraikin agertu ziren plazan: udaletxea (orrazi itxurako oinplano tradizionalarekin), musika-kioskoa, pilotalekua eta udatiarrentzako lehen etxebizitza-blokeak (Labasture, besteak beste). Eraikin horiek guztiek ezaugarri neorregionalista ugari zituzten, Euskal Herriko kostaldeak eman nahi zuen turismo-itxurak eskatzen zuen legez.

 

EL TORREON ETXEA Goienkale, 23
PLENTZIA

Egile ezezaguna. 1562
Egungo erabilera: udal-liburutegia.


XVI. mendeko arkitekturaren erakusgarri ederra da El Torreón etxea. Harresi-barruko alde gotikora egokitu behar izan zuten oinplanoa, atxikitako bolumen kubiko baten forma emanda. Paramentuaren fintasunak, baoen banaketa irregularrak eta sarreran dagoen erdi-puntuko arkuak argi erakusten dute eraikin errenazentista baten aurrean gaudela. Plentziako eta Errege Katolikoen armarriek, berriz, oso goizetik eraikin publiko gisa erabiltzen hasi zirela adierazten dute. 500eko urteetan hiribilduko udaletxea izan zen. Ondoren, udal-auzitegia eta posta- bulegoa ipini zituzten bertan. Gaur egun, azkenik, udal- liburutegiaren egoitza da.

 

ETXEBIZITZA-ERAIKINA Areatza, 3
PLENTZIA

Arkitektoa: R. Basañez 1958


Plentziako etxebizitza-eraikin hau Basañezen lehenetako lan bat da, eta bizienetakoa gainera. Denbora hartan, sortzea eta eredu jakin bat "birsortzea" ez zeuden elkarren aurka jarrita. Aitzitik, "...ren erara" proiektatzea arkitektoaren heziketa onaren eta sentiberatasunaren seinale zen. Kasu honetan, Coderch eta Valls arkitektoek Bartzelonako La Barceloneta auzoan egindako etxea (1951) hartu zuen eredutzat Basañezek. Hala ere, kanpoaldea ez da etxe horretakoa bezain barnerakoia.

Eraikinaren gainaldeak, hainbat planotan banatutako balkoiek eta zursareen erabilpenak nabarmen agertzen dute arkitektoak ganora handiz zaintzen zituela xehetasun guztiak. Halaxe egiten zen, orobat, "Bartzelonako eskola" zeritzanaren obra guztietan. Basañezek, hain zuzen ere, hiri horretan ikasi zuen.

Azkenik, haren aitak egindako eraikitze-lan bikaina aipatu beharra dago.

 

"ARRAÑAK" ETXEBIZITZA-ERAIKINAK Areatza, 26,28 eta 30
PLENTZIA

Arkitektoa: M. de la Torre; aparejadorea: A. García 1965


Martin de la Torre arkitektoak egindako L formako etxebizitza-eraikin eder hau portuaren aurreko zabalunean dago, Gorlizko errepidearen alboan eta, beraz, iparralderantz orientatuta. Atzean, promozio bereko beste bloke batzuk daude, interes gutxiagokoak baina.

Blokeak portu aldera zabaldutako L forma du. Orubeari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko egin zuten horrela, alegia kokapenak eskaintzen dituen ikuspegi ederrez gozatzeko moduan ipini nahi izan zuten ahalik eta etxebizitza gehien.

Dena dela, kanpoaldearen tratamendua nabarmendu beharra dago ikerketa tipologikoaren gainetik. Oso modu egokian itxuratu zuen arkitektoak, garaiko arkitekturaren berezko mekanismoak baliatuz eta eraikina kokatuta dagoen itsas inguruari aparteko garrantzia emanez. Zuraje berdinduko hutsarte handiak erabiltzea oso teknologikoa zen bere garairako eta arkitektoa kontu horietaz biziki arduratzen zela erakusten du. Baina eraikinak baditu beste berezitasun nabarmengarri batzuk ere, hala nola binaka ipinitako eguterak, haietan iradokitako mugimendu txikiak, kolorea eta blokea burutzeko modua. Horrek guztiak Mediterraneoko irudiak ekartzen ditu gogora. Emaitza hori harrigarria izan zen baita egilearentzat berarentzat ere, zeren, berak aitortu zuenez, beste "eragin" batzuetara irekiago zegoen bera. Eraikinak nolabaiteko parekotasunak ditu Aginaga maisuak Stella Maris-entzat Bilbon egin zuen eraikinarekin edo Areetako Kaiko pasealekuaren aurrean eraiki zuen blokearekin.

 

BI BIZITZAKO ITURREGI ETXEA Labasture kalea 11
PLENTZIA

Arkitektoa: E. Garai; aparejador: I. Basañez. 1988-90


Eraikin "mix" honek Europaren erdialdeko arkitektura moderno batzuen erreferentziak ditu, eta pisu handiko klasizismo konpositiboa simetrian.

Hiri-objektu txiki eta jostagarria da, lorategi intimista batez inguratua eta barrualdean duplex erako bi etxebizitxa xume dituena.