|  Mendearen hasierako Bizkaiko arkitekturaz hitz egitean, nahitaez
aipatu beharra dago Gorlizko Itsas Eritetxea. Garai hartan Foru Aldundiaren arkitektoa zen
Mario Camiņak utzi digun lanik onena da.
Eraikin honetan, arkitektoak ezin hobeto uztartu zituen
hainbat alderdi tekniko: batetik, hormigoi armatua erabili zuen, garai hartan berri-berria
zen material bat alegia, eta, bestetik, sare antzeko egitura ordenatu bat definitu zuen.
Horrela, erabakitasunez abiatu zen arkitektura modernoak berezko izango zituen
kontzeptuetan barrena. Kanpoaldean irudi nolabait eklektikoa badu ere, eraikinak ez du
murru eusleek ematen duten itxura astun hori. Arintasuna nabaria da barrualdean eta,
bereziki, kanpoaldean. Izan ere, argi handiak ditu hutsarte eta leihoetan. Itsasorantzako
terraza jarraiak ere garrantzi handiko berrikuntza izan ziren. Hori guztia dela eta,
Gorlizkoa bainuetxe-eraikinen eredu paregabetzat hartzen da eta dagokion balioa
aintzatesten diote guztiek nazioarteko arkitekturan.
Berritze-lan ugari egin izan dira eritetxea beharrizan
berrietara egokitzeko. Haien artean, aipatzekoak dira Emiliano Amannek egindakoak,
pabilioi independienteak, lursaila eta parkea itxuratzen amaitu baitzuten. Geroago,
berritze-lan gehiago egin dira, baina, tamalez, ez dute behar adinako sentiberatasunik
erakutsi. Egileak ez dira konturatu eraikin bat berregokitzeko ez dela derrigorrezkoa
nonnahi hodiak jartzea eta antzeko burugabekeriak egitea. |