BUTROE GAZTELUA Butroe auzoa
GATIKA 

Arkitektoa: F. de Cubas. 1879
Birgaikuntza: Estudios Arriaga. 1991

 

Butroe familiak XIV. mendearen erdialdean eraiki zuen bere dorretxea. Hala ere, XIX. mendearen bigarren erdialdean Torrecillako markesak dorretxe hura berritzeko eskatu zion Fernando de Cubasi. Arkitektoak eraikuntza berri bat jaso zuen dorrea egon zen tokian. Eraikin zaharretik harresiaren zati bat eta XV. mendeko sarrera bakarrik utzi zituen zutik eta "ex novo" eraiki zuen egungo gaztelua, estilo neogotikoa, neoarabiarra eta eklektikoa erabiliz. Bolumetriari dagokionez, Bizkaiko dorreetan eta Gaztelako jauregietan inspiratu zen. Segoviako alkazarra ere eredutzat hartu zuen zenbait xehetasunetarako. Halatan, lau dorre angeluarreko eta zazpi solairuko gaztelu erromantiko bat egin zuen, askotariko baoak eta dekorazio- motiboak zituena. Gazteluaren inguruan parke bat egin zuen, zuhaitz askorekin, inguruari giro oihantsu eta naturala emateko. Zuhaitz horietako batzuk espezie exotikoak dira. Estudios Arriagak egindako birgaikuntzak hondamenditik salbatu du gaztelua, eta, horri esker, produktu turistikoa eta kulturala da gaur egun.