
Lursaila IM-etik HE-ra jaisten
den aldapa piko batean dago. Lehenago aipatu ditugun bizitza bakarreko etxeak bezala,
hauek ere bakartuta daude, baina bi edo hiru solairukoak dira.
Egongela, jangela, harrera-gela, sukaldea eta logela
nagusia goiko solairuan daude. Beheko solairuan, aldiz, txokoa edo seme-alaben logelak
daude.
Bizitza bakarrekoetan bezala, hiru etxe hauetan ere
materialak eta teilategal zabalak dira, besteak beste, ezaugarri nagusietako batzuk. Dena
dela, hauek badute beste berezitasun aipagarri bat: etxetik irteten diren plataforma
horizontalak dituzte, terraza handien antzekoak eta espazioan perpendikularki jarriak.
Horrek itxura dramatikoa ematen dio eraikinari, Zaldua etxean beste inon baino argiago
ikus daitekeenez. Batzuetan, harmailadien, zutabeen eta bestelakoen tratamendua bera ere
efektista da. Efektismo eszenografiko hori oso nabarmen gertatzen da arkitektoak Bakion
egindako beste etxe-multzoan nagusi den sotiltasunaren aldean.
Naturarekiko harremana ere bizitza bakarreko
etxeetan baino eszenografikoagoa da. Hori egiaztatzeko, ikusi besterik ez dago Barrón
etxeak lehen solairuan daukan patio ireki eta beiraz hornitua edo eraikuntzaren barruan
hazten den haritza.
Teilatuek, gila itxurakoak eta bi isurialdekoak izaki,
Japoniako arkitektura ekartzen dute gogora hemen ere. Dena dela, Wright-en arkitekturak
azken aldian izan zituen ezaugarrietako asko antzeman daitezke etxe bakartu hauetan. |