SANTIAGO APOSTOLUAREN PARROKIA Santiago Plaza

1602-20
M. Lecuona, J. Zuaznabar. 1729

1602an eraikitzen hasi ziren, nabe bakarreko eta horma- konketan sartutako kaperekiko eliz eredu errenazentistaren arabera. Absidean dauden konbadoekiko gangak eta nabearen lehen atala ere garai horretakoak dira. 1620an bertan behera utzi zituzten eraikitze-lanak. Ehun urte geroago, Orbe kardinalaren mezenasgoaren babespean, Lekuona eta Zuaznabar arkitekoek obrari ekin zioten berriro. Jatorrizko estilo klasizistari eutsiz, kasetoiak baliatu zituzten estaldura amaitzeko. Barrokoa, berriz, beheko kaperak apaintzeko erabili zuten.

 

LOBIANO JAUREGIA Goien kalea 10

Egile ezezaguna. XVI

Ingurua nahiko hondatuta dago eta jauregiaren itxura bera kaskar samarra da. Hala ere, Italiako ereduen parekide den jauregi errenazentista baten aurrean gaude. Italiako jauregien antzera, galeria garaia dauka albo batean eta aurrealdeko fatxadako baoek frontoia dute erremate. Baina, zalantzarik gabe, portada platereskoa dugu ikusgarriena; Giltzarrian daukan scévola komitentearen bertutearen ikur da. Hori guztia dela eta, Bizkaian etxebizitzen arkitektura errenazentistari egindako ekarpenik onenetakoa dugu Lobiano jauregia. Benetan lotsagarriak dira egungo egoera eta utzikeria.

 

VALDESPINA JAUREGIA Valdespinako markesaren kalea 1

Arkitectoa:S. Lecuona. 1733
Aparejadorea: L.M. Ruiz

Ermuako egungo udaltxea loretokia eta baratza zituen jauregi barroko bat izan zen jatorriz. Horrelako jauregiak oso ugariak ziren XVIII. mendean. Oinplano karratuko kubo handia da. Linterna eta kupula ditu sabai aldean. Kupula horrek funtsezko zeregina betetzen du: barruko eskailera- kaxa argitzea eta aireztatzea. Eskailera, erditik igotzen da solairu nagusiraino, eta albo batetik bigarren estairaino. Fatxadak hierarkizatuta daude: alboetakoak soil samarrak dira, nagusia, ordea, oso ikusgarria, batez ere baoen inguruko apaingarrietan, eta loretokira ematen duenak hiru galeria-mota ditu. Bizkaiko jauregirik ederrenetakoa da. Andres Orberen, Valentziako artzapezpiku ermuatarraren mezenasgoaren emaitza da.

 

SUSTAPEN PUBLIKOKO ETXEBIZITZAK A- 32 ETXEBIZITZA. ALDAPA KALEA 8
B- SUSTAPEN PUBLIKOKO 23 ETXEBIZITZA. ALDAPA KALEA 10

Arkitektoak: J.J. Arrizabalaga, M. Ińiguez eta A.Ustarroz
1993-96

Arkitektoak: O. Otxoa, R. Umaran
Aparejadorea: J.L. Queralt
1993-96


Kokapena, berezitasuna eta egikera direla eta, arestian eraikitako etxebizitza hauek argi erakusten dute etxebizitza-arloan herri-administrazioak lan handia eta txukuna egin duela Ermuan. Bi etxebizitza-multzoak elkarren desberdinak dira. Aurrenekoak Mediterraneoko erreferentziak ditu. Bigarrena, ordea, neurritsuagoa eta "klasikoagoa" da.

Dena dela, biek ala biek ere adierazpen-indar handia dute, eta haien tipologia guztiz zentzuzkoa da. Hurbileko beste eraikuntza batzuetan ez bezala, etxe hauetan ez dago orografia latz batean gauzatzerik ez dagoen hirigintzako handinahikerien arrastorik.