ETXEBARRIKO SAN AGUSTIN ELIZA San Agustin Auzoa

I. Ibero (1742)
1500-1520 ing.

Agirietan agertzen den Bizkaiko erlijioso-fundaziorik lehenetariko bat da, 1053an sortua. Hala ere, Erdi Aroaren amaieran nekazarien parrokia soila bilakatu zen. XVI. mendearen hasieran goitik behera berreraiki zuten. Lau ataletan banatutako nabe gotiko ikaragarri luzea dauka. Absidea 1607an erantsi zioten eta Valladolideko eskolaren eragin nabarmena duen kupulaerdi berezi batez estalita dago. Eliz atarian bi elementu aipagarri dago: dorre barroko bikaina (XVIII. mendean Gipuzkoako hargintza- maisurik onenei izugarrizko buruhausteak eman zizkiona) eta San Martinen eta Santa Marinaren hilobi-kapera.

 

ANDRE MARIA SORTZEZ GARBIAREN ELIZA
Gernikako Arbola plaza

P. de Iturriza, A. de Mendraca eta M. de Omar
1459-1595

.

San Agustinen parrokia urrun samar zegoenez, 1456an beste eliza hau eraikitzeari ekin zioten. Hasieran, nabe mailakatuekiko tenplu gotikoa egiteko asmoa zegoen. Eraikitze-lanak, hala ere, atzeratu egin ziren, eta horrek hasierako proiektua erabat aldatzea ekarri zuen. Azkenean, egin ahala, molde errenazentistako areto-eliza bilakatu zen. Lanak 1595an amaitu ziren. Konbadoekiko gurutzeria konplexuak ditu estalki, oso ikusgarriak, baina antigoaleko samarrak beren garairako. Kanpandorrea XVII. mendeko eranskin barrokoa da.

 

GERNIKAKO ARBOLA PLAZA

ARKITEKTOAK:
Urbanizatzea: F. Ruiz de Ocenda, I. Usandizaga, I.
Aristondo. 1988
Gernikako Arbola 4ko etxebizitzak: R. Zabala. 1865
Udaletxea: G. Kapelastegi. 1773
Igartza jauregia: L. Kapelastegi (etxe-egutera,
1886). 1590 ing., 1670 ing., 1886
Andre Maria Sortzez Garbiaren eliza: P. Iturriza,
A. Mendraka, M. Omar. 1459-1595
Iturria: F. Ibero. 1757

APAREJADOREAK:
Urbanizatzea: J. Garcia de Acilu, I. Garmendia


Elorrioko plaza, hiribildu harresituaren barruan herritarrentzako espaziorik ez zegoenez, aurretiaz hirigintzako plangintzarik egin gabe sortu zen. Adierazgarri izan nahi zuten hainbat eraikin berez bildu ziren Gasteizko irteeran zegoen eremuaren inguruan. Elizako eta udaletxeko arkupeek nolabaiteko hiri-itxura eman zioten igaroleku honi. Igartza jauregiak, Iberoren iturri rococoak eta pilotalekuak ingurua aberastu zuten. 1865ean harresi zaharraren lerroari jarraiki plazaren inguruan pasealeku arkupetu bat egiteko aukera historikoa galdu zen.

 

ARABIO JAUREGIA Lehen, Ossa jauregia (XVII. mendea)

San Pío X, 1
Egile ezezaguna. 1560-70 ing.


Hiri-jauregitxo hau lursail estu eta zaharkitu batean eraiki bazen ere, Errenazimenduko maisu ezezagun batek bertan jaso zuen Bizkaian zutik iraun duten arkitektura manieristako eraikuntzarik dotoreenetako bat. Aurrealdeko fatxadan guztiz lardaskaturik ageri dira XVI. eta XVII. mendeetan egindako hainbat lan. Baina horrek ez du inor nahasi behar. Atzealdeko fatxadan daude ezkutaturik jauregiko atalik ederrenak. Galeria arkudun bi dira, joniarra bata eta korintoarra bestea, gorteko diseinuaren aitzindariak Elorrion.

 

ARESPAKOTXAGA MENDIBIL JAUREGIA Don Tello, 1

Egile ezezaguna. 1641


Bolumen oblongoa daukan etxe klasizista handi eta dotorea. Fatxada nagusia, leun-leuna eta batere apaindurarik gabea, engainagarria da guztiz, ez baitu inolako aukerarik ematen etxearen atzeko aldean loretokiaren gainean zabaltzen diren arkupeen bikainari antzemateko. Arespakotxagatarrak Andaluzian eta Indietan aberastutako burdin merkatariak ziren. Erdi Aroko hiribilduko hiru orube bete zituzten beren jauregiarekin eta, gainera, harresi zaharreko ate gotikoetako batez jabetu ziren (1490 ing.).

 

CASA-JARA JAUREGIA San Balentín de Berriotxoa, 2

J. Irizar. 1660 ing./1934


Hiri-egoitza klasizista, aldiriak hasten diren tokian lerrokatutako kubo handia. Portada soilean, inpostek eta baxuerliebeek markatzen dute egitura. Nabarmen geratzen da ardatzaren erdian dagoen noblezia-armarria eta gainaldeko teilategala oso ederra da. Parke pribatua dauka, eta goiko galeria atzealdean.

1934an Joaquin Irizarrek hormarte bat erantsi zuen jauregiaren albo batean. Hormarte horren asmoa ia mimetikoa da eta plazarantz jiratzen du jauregia. Fatxada berrian neurriz erabili zituen elementu klasiko herreratarrak, baina zeharo galdu zuen neurritasun hori loretokira ematen duen alderdiko konposizioan, elkarrekin inolako loturarik ez duten anekdota historikoz josita baitago.

 

TOLA JAUREGIA San Vicente, 1

Egile ezezaguna. 1680 ing.



Hiri inguruko jauregia, bolumen kubiko argia eta piramide-formako estalkia dituena. Barrualdea protagonismo nabarmena duen erdiko eskailera-kaxa baten inguruan antolatuta dago. Etxearen aurrean burdinesi batek itxitako loretokia dago. Gainera, parke zabala dauka, zeinean natura exotikoa gustu barrokoetara errenditzen baita.

Fatxadak lauak dira eta koadrikuletan antolatuta daude. Ertzetako kuboek batera antzeratu nahi dituzte Erdi Aroko dorreak eta pilastra doriar toskanar erraldoiak. Hegoaldean, Atlantikoko jauregi aberatsek berezko ezaugarri duten begiratoki arkudun horietako bat zabaltzen da.

 

ESTEIBAR ARAUNA JAUREGIA Urarka, 2

Egile ezezaguna. 1760 ing.


Bolumen trinkoari eta fatxadaren konposizio simetrikoari erreparatuz gero, hiri inguruko jauregitxo hau Atlantikoko barrokoaren eredu klasikoen parekidetzat jo daiteke. Dena dela, gustu rococoaren araberako apaingarriak ere ikus daitezke, eta hori ez da batere ohikoa. Ukitu rococo hori aise igartzen zaio hegal kizkurtuekiko molduretan eta baoen inguruko harrian landutako xafla bihurrietan. Logiarik eza eta alboetako fatxaden apaltasuna XVIII. mendearen amaieran euskal ekonomia tradizionalaren krisialdia hasia zelako seinale dira.

 

BERRIOZABAL-ARAMIÑOKO ERAIKIN-MULTZOA Berriozabal-Aramiño auzoa

M. de Elcoro
1833


Berriozabal-Aramiño auzoak Manuel Placido Berriozabalbeitiari zor dio egungo fisonomia. Gizon horrek, Bolivian eta Perun gora egin ondoren, bera jaio zeneko auzuneari opari bat egitea deliberatu zuen. Aurrena, estilo neoklasikoko jauregi bat egin zezan eskatu zion Miguel Elkorori. Simetria izango zen jauregiaren ezaugarri nagusia: erdiko bolumen bat eta albo banatan atxikitako paralelepipedoak. Berehala, arkitekto berberari eskatu zion iturria eta ermita egiteko lehengo eskema bolumetriko berberari jarraiki. Egileak edertasun handiko multzoa egin nahi izan zuen. Bi dira edertasun horren oinarri nagusiak: balio formalak batetik, eta batez ere iturriaren bidez paisajeari emandako balio handiagoa bestetik. Horrela, bertan eraikuntza dotore bat jasoz aberastu zuen ordu arte baserri-gune arrunta izandakoa. Jauregia bere garaiaren emaitza da eta balio berria eman zion inguruari.

Egungo ermita behialako baten tokian dago eta, txikia izan arren, Bizkaiko arkitektura neoklasikoaren bitxietako bat da. 1943an Joaquin Irizarrek kriptako panteoia egin zuen.