Uribarriko Santa Maria Eliza -  Andra Mari, 1

Ezezagunna 1510, J.Urizarzabala - J. Ansola 1622-67

Modu konplexuan sortua eta heterogeneotasunez eraikia, eliza hau Euskal Herriko erlijio-monumentu nabarmenetako bat da, hala arkitektura mailako kalitateagatik nola bere barnean gordetzen duen ondare aberatsagatik. Lehen faseko egileak ezezagunak dira, baina haien lanak, 1510. urtearen inguruan gauzatuak, nabearen neurri nagusiak eta elizaren dorrea baldintzatu zituen. Garai horretako gauzarik hoberena koru hispanoflandestarreko arku ausartia da (1525 ing.).

Gaur egungo elizaren irudia hiru nabeko egitasmo klasizista bati dagokio, XVII. mendeko zabaltze-lan baten ondorioa dena. 1622an diseinatu zuen Urizarzabalak, nahiz eta Juan Ansolak aldaketa nabarmenak egin zituen 1645ean haren planoetan. Bata zein bestea trebeagoak ziren egitasmoak egiten lanak zuzentzen baino, eta, horren ondorioz, eraikitze-lanak 1667ra arte luzatu ziren. Diseinugile horien arkaismo-zaletasunaren emaitzak elizan ageri diren gurutze-gangak dira, horietako batzuk gurutzearen gaineko osagarrizko nerbio batez hornituak. Mendebaldeko portada (Domingo Anitua, 1611), hegoaldekoa (Bengoetxea, 1622) eta mendebaldeko arkupea (Ormaetxea 1611) modu independientean eraiki ziren.

Hego hegaleko arkupea herri-zurgintzazko lan aparta da. Ez da elizaren eranskin hutsa, baizik eta plaza publiko bikaina eta estalpeko azoka, Durangoko biztanleen bizimoduan eta beraren hiri-sarean berezko nortasuna lortu zuena. Bere diseinu eta funtzionaltasunagatik, Euskal Herrian hilerri gisa aspaldian erabilitako atarien eta Frantziako halles-en artean sailkatuta dago. Armaduraren jatorrizko egitasmoa Martin Gabiriarena da, eta zutabeena, berriz, Domingo Barraicuarena. 1678 eta 1681 bitartean eraiki zen, baina 1937ko bonbardaketaren ondoren berreraiki behar izan zen. Bonba-eraso horrek eragin larria izan zuen presbiterioan, koruan, kaperetan eta sakristian ere.

San Agustin Eliza eta Komentua - San Agustinalde, 8-12

Juan Ansola, 1662-85

Egitasmoa Juan Ansolak egin zuen 1662an, eta Martin Olagibelek bukatu zuen 1685ean. XVII. mendeko komentu-arkitektura klasizistaren adibide bikaina da, fatxada soilekoa eta barruko klaustro nabarmenekoa. XIX. mendean koartel eta eritetxe gisa erabili zen, eta gaur egun zaharren egoitza eta kulturgunea da.

Instituzio hau 1587ko irailean sortu zen. Urte hartan fraide agustindarrak aldirian zegoen baserri batez jabetu ziren eta eliza bihurtu zuten. Garai hartaz ez da ezer ere geratzen. Gaur egun dagoena monumentu-multzo bat da, bi arkitektura-unitate nagusi biltzen dituena: eliza eta klausura.

Eliza osoa garai berekoa da, eta Erromako estiloko estaltze-sistemak ditu, hala gurutzadurako kupula nola nabeko tarteen gainetik doazen ganga zaharrak, nerbio gotikoz hornituak. Kanpoko euskarriak eta alboko fatxada irudi ahaltsu eta adierazkorrak dira.

Fatxada nagusiak koru garaia ezkutatzen du; berau, komentuko bizitzarako esparru erabat garrantzitsua, bost arkuren gainean dago bermaturik. Aurrealde horren planoa, antzinako klausuraren bloke luzangari jarraitzerik gabe lotua, harresiz kanpoko kale berri baten lerrokaduraren ardatza definitzeko erabili zen, gerora Durangoko hiribide nagusia izango zena.

Santa Ana Plaza - Santa Ana Plaza

L. de la Incera 1722, J. de Erdoiza 1743

Izen bereko eliza hiribilduaren harresizko perimetro zaharraren muturrean dago, eta Uribarriko Santa Maria eliza handiaren hiri-kontrapisutzat hartzen da. Ez dio eusten Erdi Aroko kaleek osatzen duten lerroari, baina hori normaltzat jotzen da, perspektiben joko barrokoa sortu behar baitzen. Horren benetako arrazoia izan liteke, hala ere, XV. mendean eraiki zen beste eliza baten berreraikuntza izatea. Berau 1539. urtearen inguruan berreraiki zen lehenengo aldiz, baina sute batek suntsitu zuen 1554an. Gaur egungo elizak hiru nabe eta gurutzedura bat ditu, Lazaro de La Incerak diseinatu zuen 1722an, eta garai bereko beste maisu batzuek zuzenketak egin zizkioten. 1732ko maiatzean bukatutzat eman ziren obrak. Arkupea (Juan Erdoiza, 1737) eta kanpandorrea (1745) falta ziren bakarrik.

Triangeluaren beste alde batean hiriko etxetzarrak daude; hirugarren aldean, berriz, ibaiak eta Santa Ana arkuak eskenatoki barrokoen aberastasuna erakusten dute modu paregabean. Arkua Juan Erdoizak diseinatu zuen 1743an, hiribildu zaharraren Gaztelarako atea eraitsi eta gero. Egitasmoaren erretorika kalostraz hornitutako zabaltzan, frontoian eta garitoi zilindrikoetan eta berauen orla ugarietan isladatu zen. Armarria du hegal batean (1566), eta San Anaren horma-konka bestean.

Multzo horrek batasun izaera hartu du gaur egun, ibaiaz bestaldean dagoen Pinondoko parke txikiari esker. Esparru erromaniko horrek "Inperio frantziar" estiloko altzariak ditu -jezarlekuak, iturria eta lorategia-, eta edertasunez janzten du oraindik ere herriaren mugan dagoen inguru hori. Parke txiki horretako frontean dauden eraikinen artean badira jauregi barrokoak eta azpimarratu beharreko hiri-etxe bat. Berau, zubiaren ondoan kokatua, 1856an eraiki zen, eta Europaren erdialdeko irudiak gogora dakartzan klasizismo erromantikoa antzeman daiteke beraren fatxadan.

Etxezarreta Jauregia - San Agustinalde, 16

Ezezaguna 1760

Aldirian eraikitako jauregi barroko nabarmena, lorategi hesidun txiki bat duena. Luxuzko bizileku honen egilea ezezaguna da; eragilea, ordea, Jose Agustin Etxezarreta izan zen, seguruenik 1760. urtearen inguruan. Dena-den, ondoko urteetan

Udalaren aurkako auzitan sartuta ibili zen lorategia zela-eta, berau egiteko kalearen zati bat erabili nahi zuelako. Zabala jauregi txikiak (1670 ing., Montevideo hiria sortu zuen Bruno Mauricio Zabalaren jaiolekua) aldirian markatutako lerroari jarraituz eraiki zen Etxezarretarena.

Diseinua bat dator XVII. mendeaz geroztik euskal aristokraziaren artean nagusitu zen ereduarekin: bolumen prismatiko oso trinkoa, lau isurialdeko teilatua, fatxada erabat simetrikoak eta hegoaldera irekitako logia edo etxe-egutera atsegina, erdi-puntuko arkurekin.

Etxebizitza Multzoa - Fray Juan Zumarraga

F. Olabarria, F. Ruiz Longarte 1971 - 73

Eraikin multzo hau bere egilearen ezagunenetakoa da. Eraikinaren adierazkortasuna oinarriko etxebizitza-zelula errepikatuz lortzen da, bolumen anitzak biltzen baititu. Horrez gain, badu piramide tankerako bloke artikulatu bat. Berau muturrean banatzen da, lorategi zein ibai aldera zabaltzen diren bi eraikinetan.

Itxuraren aberastasuna adreiluaren erabilpen egokiak azpimarratzen du, material hori maisutasunez erabiltzen baitzuen arkitektoak. Oinezkoentzako esparruan eta lorategietan antzeman daitezkeen formak Ezkurdi plazan errepikatuko zituen geroago. Hirigintza-osagai horri balio gehiegi eman zaio iraganean, batzuen ustez.

Adierazkortasuna sortzeko Olabarriak erabiltzen zituen osagai oparoek, Fullaondoren obretan ere sarritan ikus ditzakegunek, Rudolf, Roche eta Architectural Forum-en nazioarteko arkitekturaren erreferentzia nabariak dituzte.

Hiriko Blokeak - Askatasun Etorbidea, 18 - 22

J.M., P.M. Basaņez 1976 - 78

Eraikin bi hauek Durangoren hazkundearen ardatza izan den bulebarrean daude. Bloke irekiko kontzeptuari eusten badiote ere, hiriari egokitutako tipologiakoak dira.

Biek itxura desberdina dute. Basaņezen zatia garai hartako eredu italiarrari atxikitzen zaio, baina oso izaera hiritarra du. Hori fatxada interesgarrietan isladatzen da, gaur egun gaizki zainduta egon arren.

Olabarriaren eraikina bere obra gehienak baino neutroagoa da, seguraski hirigintza-arauak bete beharraren eraginez. Aurrean uzten duen eremu txikiak eta barneko banaketaren trazak beraren proposamenaren ispilu dira.

Etxebizitza Etxadia - A. Meabe - Alluitz - Sasikoa

J.L. Arrieta, M. Eletxiguerra 1994 - 96

Etxadi hau Mendizabal Plan Partzialari jarraituz eraiki zen. Fullaondoren egitasmoak bloke ireki moduan planteatu zuen, baina Sasikoa kaleko 1. atariari dagokiona soilik eraiki zen horrela, Montxo Lecearen eskutik. Atari hori etxadiaren alboko partean dago.

80ko hamarkadak zenbait aldaketa ekarri zizkion planeamenduari, kalea eta etxadia hartzen baititu berriz ere ardatz nagusitzat. Gure kasua oso interesgarria da. Oinplanoa bloke kontzeptuari eusten dio, biraketak era errazean artikulatzen ditu, eta barneko plazak Durangoko garai historiko desberdinetan aurkitzen dugun aberastasuna berreskuratzen du.

 

Landako Poligonoa - Landako etorbidea, 1

J.D. Fullaondo, F. Ruiz Longarte 1978 - 80

Landako poligonoa, hiribildu zaharraren inguruan koroa gisa kokatuta dauden beste zenbait poligono bezala, arkitekto-talde edo -belaunaldi baten lan gisa ulertu behar da. Elkarrekiko harreman estuak zituzten arkitekto horien artean Olabarria dago, garai hartan udal arkitektoa eta hirigintza arduraduna, eta, halaber, Fullaondo, Libano, Jose MĒ eta Pedro MĒ Basaņez. Haiekin batera, laguntzaile moduan, Villanueva, Montxo Lecea eta beste batzuk ere aritu ziren. Haiek guztiek plangintza partzialean ihardun eta/edo poligono horietako eraikin garrantzitsuak gauzatu zituzten. Gidaliburu honetan berebiziko lekurik ez duenez, aipa ditzagun hemen Villanueva, S. Inazio Auzunea 8ko blokea eraiki baitzuen, edo Lecea, Astepe Auzunea 1ean dagoena bere lanaren emaitza delako.

70eko hamarkadako eraikuntza neurrigabe eta arina izan zen gure inguruan; Durangoko kasua, ordea, bestelakoa da.

Landakoko plangintza partziala Fullaondok egin zuen, eta poligonoan bertan aurkituko ditugu "belaunaldi-talde" horren eraikinik helduenetako batzuk. Talde horrek, esan beharra dago, proiektu konkretuak sinatu ezezik, ideia eta eztabaida amankomunak ere izan zituen.

Taldekide batek esan zuenez, Durangoko eraikin berri batzuetan antzeman daitezke sasoi hartako arkitekturaren kezkak, Mugimendu Modernoa eta "Five" taldearenak besteak beste. Etxebizitzaren oinarrizko zelula beste zenbait proiektutan erabiltzen da; oinplanoa eta goi-behea konbinatzen dira, baina beti beheko solairuan kokatzen den "podium" baten gainean. Horren bidez eraikin-osagai aberats, askotariko eta zainduak lortzen dira, elkarrekin ederki lotuak. Beraien kalitatea 20 urte iragan eta gero antzeman daiteke oraindik.

Landako Poligonoko Ekipamenduak - Muruetatorre, 11

A. Agirregoitia, I. Peņa, E. de Felipe 1994 - 96

Azken urteetako ekipamendu-politikari esker, interes historiko handiko zenbait eraikin berreskuratu ditu Durangok (Etxezarreta, S. Agustin,...). Ekipamendurako erabilitako eraikinetatik aipatutako bi horiek dira interesgarriak.

Polikiroldegiak erabilpen desberdineko lau esparru artikulatzen ditu bi ardatz ortogonalen bidez. Azpimarratzekoa da sarbidearen posizioa, ur-xafla baten inguruko klaustroa dirudi eta. Arkupearen erabilpen hori ezaguna da Durangoko arkitekturan, baina baditu azken urteotako arkitektura ingelesaren erreferentziak ere, bolumetria orokorraren aniztasunean antzeman daitekeenez. Guztiarekin ere, adreiluz bukatuta egoteak osotasunaz hornitzen du eraikina.

Osakidetzaren Anbulatorioa - Landako Plaza, 1

F. Soriano 1993 - 95

Anbulategiari dagokionez, kanpoko itxura nahasia dela esan beharra dago, Siza Vieira portugaldarraren erreferentziak baititu. Fatxadari eusten dion oinplanoaren geometria zurrun, zirkular eta zentrokidea konplexuegia da oinplano karratu mugatu baterako, barneko patioa oso joria izan arren.

Egindako inbertsioa eta egileen asmo onak harrigarria dira, zeren ekipamendu hauek hiriaren mugan baitaude, Landako poligonoaren adierazkortasuna desegiten den leku berean.