SAN JOAN EBANJELARIAREN ELIZA Elizondo, 3
BERRIZ

M. de Carrera. XVI-XVII-XVIII

Berrizko parrokia XVI. mendean hasi ziren eraikitzen. Tenpluko bi estiloak batera ageri dira nabean: atzealdeko atalak gotikoak dira eta absidea, berriz, errenazentista (1609-1661). Diakronia hori gora-behera, espazioa homogenoa da, eta bolumena trinkoa. Gurutzeriak eusten dio estalkiari eta, denboran aurrera egin ahala, gero eta konplexuagoa da. Dorrea barrokoa da, Martin Carrerak egina 1760an.

 

ANDIKOAKO ELIZA EDO SANTUTEGIA Andikoa auzoa
BERRIZ

Egile ezezaguna. XVI

Leku garai batean kokaturik, Andikoako santutegiak nahasirik ditu oso kalitate handiko eraikuntza- eta ornamentazio-elementuak, forma gotikoak eta espazioaren antolamendu errenazentista. Inguru horretako ermita gotikorik kultuenetakoa da. Oinplano angeluzuzena dauka, eta gurutzeriaz estalitako hiru atal, 1520 aldera eraikiak. Korua 1598an egin zuten Berrizko parrokiaren irudira. Hegoaldeko fatxadan ohiko eliz ataria dago; Kapelastegik egin zuen 1799an gainaldean daukan kanpai-horma.

 

BERRIZBEITIA BASERRIA Olakueta auzoa

Egile ezezaguna. 1572

Eraikuntza-eredu kultuak nekazarien etxebizitzari egokitzeko Bizkaian egindako saioetan goiztiarrena dugu baserri hau. Zutabezko egitura kanpoaldetik ikusten ez bada ere, baserriaren euskarria da oraindik ere. Harrizko janbek zura ordezkatu dute ataripean. Bao txukun landuek eta hauetako baten gainean dagoen koska manieristak argi salatzen dute egileen bokazio kulturala. Gainera, bigarren solairuan adreilua erabili izana, goiztiarra izateaz gain, guztiz abangoardista da herri-eraikuntza batean.

 

ISUNTZE BASERRIA Eitua auzoa (S. Pedro Txiki)
BERRIZ

Egile ezezaguna. 1678


Baserri hau, oso handia eta leku paregabean kokatua, adibide ezin hobea da garai hartan bertako arkitektura nolakoa zen ulertzeko. Beheko solariua landu gabeko harriz eginda dago; bigarrenak, ordea, zurezko armazoia eta Erromako adreiluak dauzka. Erromako adreilua, burdinazko grapez zurari josita, zurezko habeak janzteko ere erabili zuten, apaingarri gisa. Atariak koloma toskanar batez eusten dio habe frontalari eta ateburua dauka oraindik ere. Estali gabeko zulo handiak daude ganbara aireztatzeko.