|
Axpeko plaza, paisaje
menditsu eta zaindu baten erdian kokatua, antzinako elizatearen gunea da eta San Joan
Bataiatzailearen parrokia du ardatz. Eraikin gotiko errenazentista da (1550 ing.),
gangarik gabea, baina geroago luzatua sarrera aldean. Dorre neoklasikoa dauka eta lokarri
frantziskotar bitxia epistolako dobeletan.
Elizaren aurrez aurre eskola
zaharra dago, 20ko urteetan eraikia. Eskolak, estilo historiko desberdinekin batera,
zenbait elementu herrikoi ere baditu, plaza osatzen duten eraikinen multzoan integratzen
dutenak. Pilotalekuak eta Goardako Aingeru Santuaren ermitak ixten dute plaza. Ermita 1682
urtekoa da, koloma toskanarren gainean altxatutako ataria eta zurezko hesia ditu.
Azkenik, aipatu beharrekoak dira taberna, iturria eta
arrasteko harria, behinolako probalekuaren aztarna. |
|
 Tamaina
apal samarreko tenplua da, ederra eta erromantikoa, ibar osoa bezalaxe. Hiru atal ditu eta
absidea arteza da. Tronpen gainean goratutako kupula erdia du estalki. Nabea estaltzeko
modu hori aurrerakuntza nabarmena izan zen, garai hartan gurutzeria erabiltzen baitzen
nagusiki. Gibeleko atalak, berriz, lunetaz estalita daude. Hain zuzen ere, gure eremuan
ezagutzen ditugun lunetarik zaharrenak dira. Horrenbestez, Gaztelako edo Errioxako
harginekin erlazionatu da traza hori, han ere lunetoak baliatzen zituzten eta. Portada
guztiz soila da eta santuaren erliebe erromanista dauka oinean.
|
|
Baserri hau baserritarren beharrizanei
aise erantzuteko moduan eraikita dago. Harrigarria da, beraz, arkitekturari dagokionez
horren jasoa eta landua izatea. Batetik, arko bikoitza dauka aurrealdeko fatxadan.
Bestetik, eta hori da deigarriena, lastategi xumea izan beharko lukeenak zurezko egituran
zabaldutako arku bat dauka, kiribilezko moldurez eta edergarri kultu eta herrikoiez
dekoratua. Horrelako apaindurak oso ohikoak dira jauregietan, baina nekez aurki daitezke
baserrietan. Inguruaren eta paisajearen ederrak mota guztietako ametsak eragiten ditu hala
lekuaz nola egile ezezagunaz.
|