Santa María Eliza Plaza de Santa María

Iturburu, Aguirre
XVI-XVII-XVIII-XIX

Tenplu handi eta eder honek ikuspegi paregabea eskaintzen du errekaren eta errekaz bestaldeko parkearen gainean. Barrualdean nabe bakarra dago, bost ataletan banatua eta abside poligonalarekin. Espazio-batasun horrek eten txiki bat besterik ez dauka: bigarren atalean transeptu-moduko bi kapera daude horma-bularren artean.

Elizaren beheko aldea XVI. mendearen bigarren erdian eta XVII. mendearen hasieran egina da. Dorregaina Juan Iturbururen lan barrokoa da (1769). Eliz ataria, berriz, neoklasikoa da eta Francisco Maria Agirrek egin zuen 1847an. Aipagarria da, halaber, erretaula nagusia: Euskal Herrian garatutako rococoaren bitxi paregabea da eta Iberoren eskuaren ukitua antzematen zaio. Azkenik, sakristiako altzariak nabarmendu beharra dago.

 

Larreako Eraikin-Multzoa Larrea auzoa

1700-1704


Larreako eraikin-multzoa gainjarrita eta eraldatuta dago, karmeldarren tenplu interesgarria izan ezik. Klasizismoaren moldeen arabera sortutako tenplu hori Juan Larreak eman zion kongregazioari 1712an. Tipologia bereko beste tenpluen aldean, kalitate handiko eraikuntza da, ohikoa baino eskala apalagokoa izanik ere. Nabe bakarra dauka, bi ataletan banatua, gurutzadurarekin eta atzealde zuzenarekin. Nabea lunetaz estalita dago, transeptuan izan ezik. Kupula eliptikoa da eta petxinen gainean bermatuta dago. Korua nabearen atzealdean dago, arku eskarzano baten gainean, eta bolumen-jokoa kanpoaldetik aberasten duten bi zilindrotan dauka sarbidea. Portada hiru arkupetan zabaltzen da burdinesiak eta harlanduzko hormak ixten duten kanpoko elizpera. Larrea jauregia ezkerraldeko ertzean egon zen, harik eta azken gerran desagertu zen arte. Armarria barrutiaren sarrerako ateburuan geratu da. 1724an sakristia berria eraiki zuten. Komentua, berriz, geroagokoa da; beheko aldea, esaterako, mende honetan bertan eraiki dute.

 

Lopez Jauregia Larrea auzoko errepidea z.g.

C. Uriarte. 1926

Rucabadok ezarritako joera neorregionalarekin estu lotua, egungo itxura jatorrizko planoen desberdina da. Izan ere, gerra zibilaren ostean, zaharberritu egin zuten jauregia, hirugarren solairu bat eta edergarri banaka batzuk erantsiz. Inongo agirietan ez dago zaharberritze- lanen egilearen gaineko argibiderik. Bolumen kubikoa ohiko tipologiakori dagokio, dorre angularra finkaren sarrera aldera begira duela. Harrizko zein zurezko apaingarri ugari ditu, oso ederrak eta landuak. Barruko geletan ere ikus daitezke burges-ospeko edergarri horiek. Gainera, argia aise sartzen da jauregiaren barrualdera eta inguruko loretokia ezin ederragoa da.

 

Andra Mari Ikastola Larrea auzoa z.g.

Arkitektoak: T. eta R. Basañez. 1979-81
Aparejadoreak: Aretxaga-Artolazaga.

Larreako eraikin-multzotik ehun bat metrora kokatua, aurreneko ikastola pribatuetako bat dugu Andra Mari. Kontzeptuz sinplea, bi ikasgela-bloke ditu guztientzako espazioek osatzen duten ardatz linealaren alde banatan. Eraikina mendi-maldari egokitzen zaio. Bai egokitze hori eta bai bolumenen kontzeptua oso modu adierazkorrean azaleratzen dira, joko konplexu baten bidez oinarrizko eraikina hautsita. Adreilua baliatzeko moduak garbi agertzen du nor den egilea.

 

Udaletxea eta Herriko Plaza Herriko enparantza

E. Amann. 1940-41


Azken gerra zibilaren ostean, Suntsitutako Lekuen Erakundearen eskuhartzeari esker, eraikin-multzo hau berreraiki ahal izan zen. Multzoaren antolamendua, ordea, ez zen izan Smith-ek Gernikarako egindako proposamena bezain ideologikoa. Erabilera anitzak biltzeko planteatu zen: administrazioa (udaletxea), merkataritza (eskuinaldeko azoka, etxadiaren kanpoalderantz bere-bereko irakurketa duena) eta etxebizitzak.