San Trokaz Plaza San Trokaz Plaza
ABADIÑO

J. de Erdoiza. 1732-1738
I. Ibero. 1762-1780

1907an berreraikitako zubi batetik sartzen da espazio angeluzuzen honetara. Sarrera horri esker, elizako eraikin nagusia nabarmen ageri da begien bistan. Seguraski, Iberok antolatu zuen horrela, kontzeptu barrokoak iradokiz.
San Torkuato edo San Trokazen egungo tenplua I. Iberok berreraikitakoa da. 1762an, eliza handitzeko proiektua aurkeztu zuen: Erdoizaren dorrea ukitu gabe, nabe handi bat egingo zuen, gurutze-gangekin eta horma-bularrak barrualderantz jarrita, nabearen alboetan kaperak eratuz horrela. Egitura horrek espazio-aurrezpena eta barruko perspektiba bateratzen ditu. Arrietan, Ermuan, Sopuertan eta beste leku batzuetan ere aurkituko dugu... Eliz ataria barrokoaren garaikoa da eta irudi klasizista eta etxetiarra ematen dio plazari.
Elizaren bolumen handiaren aurrez aurre, Iberok eraikitako udaletxea dago (1735). Jauregi-tankerakoa da eta beheko solairuan arkupeak ditu plaza aldean. Ibaira ematen duen aldean, berriz, Elizaren antzinako onegintza-etxeak daude. Elkarri atxikitako zazpi etxebiztiza dira, 1742an eraikiak. Atalondoa eta korta dauzkate beheko solairuan, eta egongela lehenean. Elkarrekin nahasirik dituzte, beraz, baserriaren eta hiriko etxearen ezaugarriak. Ia mende bat geroago, eredu hori kopiatu zuten Zeletabe kaleko 5. eta 7. zenbakietan. Plazaren azken aldea, pilotalekua alegia, plaza ixteko balio duen horma kaskarra da.

 

Abadiñoko Hilerria San Trokaz Plaza
ABADIÑO

R. de Zavala. 1854-1859

Rafael Zabalak eta Pedro Jose Astarbek eraiki zuten neoklasizismoaren azken aldian. Elizari atxikita dago eta aldaketarik gabe eutsi dio jatorrizko egiturari. Erromatarren garaiko atarien tankerako espazio arkupeduna da, azaleran 10x10 metro dituen karratu baten barruan kokatua. Hasieran hilobiak babesten zituzten lau hormarteak koloma toskanarren gainean bermatuta daude eta loretoki bat eratzen dute barruko aldean. Denboraren joanean, hobiak jabetu dira lorategi horretaz. Hilobi-kaperak eta hilerria ixten duen murruan irekitako sarrerak axialitatea nabarmentzen dute.

 

Abadiño Zelaieta auzoa 2
ABADIÑO

1591

Durango-Elorrio errepidearen alboan dago, loretoki eta guzti, bidetik bertatik ikusgai. Egungo eraikina antzina izen bereko dorretxea egon zen lekuan dago. Hain zuzen ere, dorre horri zor dio bere bolumen kubiko eta mozkotea, XIX. mendean goiko solairua kendu baitzioten. Eraikinaren bitxitasuna dela eta, Juan de Herrera hartu izan da egiletzat, garai hartan Abadiñon izaten baitzen noizean behin. Ez dago hori frogatzen duen agiririk, baina argi dago egileak heziketa klasizista zuela: sarrerako apaingarriek eta baoen ordenazio argiak nabarmenki erakusten dute hori. Tamalez, antolamenduak eta atzeko aldeak ere aldaketa handiak izan dituzte.

 

Muntxarazko Dorretxea Muntsaratz auzoa
ABADIÑO

Egile ezezaguna, XVI


Dorretxea deitu arren, eta nahikoa garaia bada ere, jauregi errenazentista dela esan daiteke. Batetik, hormari itsatsitako eskailerako sarrera desagertu egin da eta, bestetik, Italiako errenazimentuaren garaiko gustuen araberako logia batek eusten dio teilatuari. Beheko aldeak zenbait ezaugarri gotizista ditu oraindik ere, baina, oro har, bizitetxe izateko eraiki zuten, eta ez babes-eraikin gisa. Muntsarazko armarria ikus daiteke sarrerako arkuaren gainean. Bestetik, Andra Mariren ermita aurkituko dugu errepide berean. Dorretxearen jabeek fundatu zuten eta, gaur egun, bisitariari dorretxea aurkitzen laguntzen dion erreferentzia da. Trañajauregik ere bisita merezi du: Matienan dago, Zengotita Mintegien barruan, eta logia barroko bikoitza dauka. Familia berberarena izan da beti.

 

Urkiolako Santutegia Durango-Otxandio errepidea. Urkiola gaina
ABADIÑO

Arkitektoa: J.M. Basterra. 1899
Berrikuntza-lanak: M. Valdivieso eta L. Domínguez
arkitektoak; C. Domínguez aparejadorea 1989-92

Santutegi hau Urkiolako mendatearen gainaldean dago, errepidetik hurbil. Herritarren erreferentzia dugu Bizkaiko erlijio-ikonografian.

Egia esan, amaitu gabeko eraikin baten aurrean gaude. Basterra ospetsuak bertan gauzatu nahi izan zuen bere amets historizistarik handienetako bat.

Berrikuntza-lanek bere-bereko protagonismoa dute kasu honetan: "jantzi" bat sortu zuten amaitu gabeko eskeleto latzaren gainean. Nolabaiteko estetika "postmodernoa" dauka, eta balio erreflexiboagoak harriaren erabileran. Horri esker, sari bat irabazi zuten egileek.

 

Baserri-Multzoa Gaztelu auzoa
ABADIÑO

Egile ezezaguna
XVII-XVIII-XIX






 

Baserri-multzo hau oso interesgarria da: argi erakusten du nola XVII. mendetik XIX. mendera bitartean jendeak sakabanaturik eraikitzen zituen etxeak. Baserrietara iristeko, Elorrioko bidea hartu eta ezkerretara jo behar da Matienako irteeran dagoen bidegurutzean. Tipologiari dagokionez, ezaugarri desberdinetako baserriak daude: ataripea -euskal baserriaren berezko ezaugarri den espazio mistoa- oinplanoaren erdian dago gehienetan; baserri zaharrenetan ataripeak ateburua dauka, eta barrokoetan, berriz, harlanduzko dobelekiko arkua. Iturriaga, Gaztelu- Iturri eta Iturriaga baserriek armarria dute.

Gaztelugoitia baserria 1675 aldera eraiki zuten eta, eskualdeko beste baserri batzuek bezala, adreilu zapalez estalita dauka fatxada nagusiko zurezko armazoia, baina leiho barroko kultuak ditu beheko solairuan. Hegal batean arnaga edo bihitegia dago, etxebizitza eraiki zen garai berean egina.

Iturriaga Etxebarria, Iturriaga Goitia eta Etxebarri (1786) XVIII. edo XIX. mendean eraiki zituzten. Arkudunak dira eta, beraz, goitik behera harlanduz zein landu gabeko harriz egindako hormak dauzkate. Aresti baserriko arkua bikoitza da eta itxura nobleagoa ematen dio nekazari-etxeari.