SAN ANDRES ELIZA Elexalde

Egile ezezaguna. 1559
Dorrea eta arkupea: J.M. Basterra arkitektoa. 1922

Bolumen prismatiko bakuneko eliza hau XVI. mendearen hasieran hasi ziren eraikitzen. Zoritxarrez, 1922an kanpandorrea eta arkupea eransteko egindako lan traketsak elizaren irudi ederra itsustu zuen. Europako zuraje-lanik zirraragarrienetakoa du barrualdean. Tenperaz polikromatutako zurezko gangez estalita dago. Gangak proportzio harmonikoak dituzten hamabost terzelete-"kapera"tan antolatuta daude. Hori guztia izaera errenazentistako giro bateratu baten gainean. Haritzezko lau diafragma-arkuk soilik hausten dute espazioaren batasuna. Elkarrengan eragina duten hiru joera ageri dira eliza honetan bateraturik: zurezko gangen tradizio flandestarra (Brujasko eta Ganteko "areto gotikoak"), Gaztelako gurutzeria nerbio makurrez aberastuen birtuosismoa (Gil de Hontañón) eta, azkenik, ornamentazioa "Erromako erara" egiteko zaletasuna, gruteskoak eta erreferentzia neoplatonikoak erabiliz ("Buru Kosmikoaren ikonografia Marsilio Ficinoren arabera").