SANTA MARIA ELIZA Goien kale, 1

S. de Emparan. 1449
Egile ezezaguna. XVI


Gernikako antzinako hirigintzaren funtsezko erreferentzia da. Herriaren alderik garaienean dagoenez, bonbardaketan ez zuen inolako kalterik jasan. Tenplu gotikoa da. Bost nabe eta hiru atal ditu, abside poligonal triforioduna eta oso portada kultua, turuta-itxurakoa eta zorrotza. Eskultura monumentala S. Enparanek egin zuen 1449an. Baina, dirudienez, lanak atzeratu egin ziren, eta azkenean kolomekiko eliza errenazentista bat sortu zen, oso ohikoa euskal gotikoan. Izan ere, garai horretakoak dira korua, horma-bularren artean sartutako kapera baxuak eta gangak estaltzen dituen gurutzeria.

Kanpai-horma Manuek Kapelastegik egin zuen 1776an.

 

JUNTETXEA ETA HAREN INGURUKO MULTZOA Allende Salazar kalea z.g.

A. Etxebarria 1824-1833
Birgaikuntza eta mantenimendua: A. Libano arkitektoa


Juntetxea eta haren inguruko multzo osoa hiriko lekurik garaienean egoteak haien izaera sinbolikoa nabarmentzen du. Juntetxea amaitu gabeko proiektua da: ermita eta batzar-aretoa biltzen dituen eraikin eliptikoari erantsita bi atal angeluzuzen egiteko asmoa zegoen, batean armategia eta bestean artxiboa jartzeko; haietako bat bakarrik egin zuten, ordea, eta horrek simetria apurtu zuen. Arbolaren aurrean, berriz, zin egiteko tribuna dago. Lekuak, duen sinbolismoa nabarmentzeko, zortzi kolomako tenplu frontoidun baten itxura du. Urrutira gabe, tenplete zirkular batek aterpetzen du haritz zaharraren enborra. Esparrua inguratzen duen burdinesiaz bestaldean klaratarren komentua eta Lumoko udaletxe zaharra daude. Azken hori Jaurerriaren artxiboa da gaur egun.

 

ALEGRIA-MONTEFUERTE JAUREGIA Allende Salazar kalea 9

Egile ezezaguna. 1726
Birgaikuntza: arkitektoa A. Libano; aparejadorea: L.
Ballesteros. 1989

Egungo erabilera: Euskal Herriaren Museoa

Jauregi hau ez dago halabeharraren zoriaz kokatuta bonbek ukitu ez zuen aldean. Juntetxea eraiki baino lehen, bizkaitarren ordezkariak Alegriako zelaian biltzen ziren, arbolaren azpian. Antzinako Alegria dorrea Bizkaiko Foru Berriaren idazleetako batena zen. 1717an, erre egin zuten errenterietako matxinadan parte hartu zutenek. Ondorengo epaiketan, dorrea berreraiki beharra zegoela ebatzi zuten epaileek. Antzinako eraikineko hormatalen batek zutik iraun bazuen ere (oraindik ere ikus daiteke barrualdean), dorreak jauregi barroko baten itxura hartu zuen. Halakoen ezaugarri guztiak ditu: bolumen kubikoa, logia, atzeko lorategia... Geroago ezarritako armarriak soilik apurtzen du jauregiaren simetria ia erabatekoa. Azkenean, Foru Aldundiak eskuratu, eta birgaitzeari ekin zion. Elementu tipologiko garrantzitsuenak errespetatu eta kontserbatu zituen, baina, hori bai, sinbolismoz jositako eraikin batentzat egokiagoa den erabilera bat emanik.

 

TALLERES DE GERNIKA Goikoibarra, 1

Arkitektoa: R. Bastida. 1916


Fabrika-tipologiako eraikin hau 1916ko urrian inauguratu zuten. Oinplano angeluzuzena du, eta zerra-hortzen itxurako estalkia argia aise sar dadin. Metalezko zinbriak ditu euskarri, Ingalaterrako fabrika askok bezala. Fatxada urratzen duten bao handiak pilastra artean kokatuta daude. Pilastra horien gainaldean dauden kapitelak dira eraikineko apaindura bakarra. Fatxada d‚co estilokoa izaki, fabrika-eraikin honek ez du parekorik bere klasekoen artean. "Industri arkeologia" basamortu bihurtu den garai honetan, oso bakanak dira hau bezalako aleak. Desagertuko ez bada, beraz, arreta berezia jarri behar zaio.

 

UDALETXEA ETA FORUEN PLAZAKO ERAIKIN-MULTZOA Foruen Plaza

Arkitektoa: M.M. Smith. 1941


Gerra zibilaren ostean, Suntsitutako Lekuen Erakundeak hiriaren gune sinbolikoa berreraikitzeko eskatu zion M.M. Smith arkitektoari. Proiektuak eraikin hauek jasotzeko asmoa agertzen zuen: udaletxea, arte eta lanbide-eskola (egungo kultur etxea) eta epaitegiak, posta eta telegrafoa bilduko zituen etxea. Horiek guztiek Gernikako hirigintzan bihotza izan nahi zuen hiri-plaza baten inguruan. Hori egiteko, Smithek, tradizio arkitektonikotik hartu zituen estilo soileko eraikin publikoen azpian zabaldutako arkupeak eta XVIII. mendean hain gogoko zituzten plaza lauangeluarrak, espazio enblematiko bat sortzeko. Bi berrikuntza ere ekarri zituen: plazaren alde bat kale nagusira zabalik dago eta harmailadiak ditu hiriko topografia zaileko gora-beherak gainditzeko. Ertzak, teilategalak eta pinakuluak ere arkitekto horrek interpretatutako lengoaia "neovasco"aren emaitza dira.

 

JAI ALAI PILOTALEKUA Carlos Gangoiti kalea 14

Arkitektoa: S. Zuazo. Aparejadorea J. Alberdi 1962


Secundino Zuazok garrantzi handiko lekua bete du Espainiako egungo arkitekturan. Hala ere, oso eraikin gutxi utzi ditu bere sorterrian: Bilboko postetxea eta pilotaleku hau. 30eko urteetatik 70ekoetara bitartean behinik behin, Jai Alai pilotalekua arkitekto bikain horren erreferentziatzat hartu izan da Bizkaian. Zuazok bere bizitzaren azken aldian egindako lan hau 1935-36an Torrojarekin batera eraiki zuen Madrilgo Recoletos pilotaleku paregabearen bilakaera da, ia alternatiboa. Jai Alaik, ordea, Recoletos-ek baino egitura sinpleagoa du: iparraldean argitara irekita dagoen kartaboi bat da, makurduraren efektuak nabarmendua. Sekzioa oinplano bikoitza da, hor ere kurbak bere zereginak betetzen dituela. Zentzuzko eraikina da, eta ez beste batzuk bezain eklektikoa. Haren tipologiak ez du batere indarrik galdu gaur egun. Gainera, kirol-jauregi horren izena bera erreferentzia ia mitikoa da pilotaren munduan.

 

EPAITEGI BERRIAK Allende Salazar kalea 5

Arkitektoak: A. de la Brena, G. Iriarte, E. Mugica eta J.A. Renedo
Aparejadoreak: J.M. Arrate, M. Igartiburu eta J. Lopez 1994-96


Gehienetan, duela gutxiko arkitektura ez da propositiboa izaten. Arkitekto-talde gazte honek, ordea, intuizio handia du eta, gainera, badaki bere proposamenak arrazoitzen eta onartarazten. Eraikin honen tipologiak ez du zerikusi handirik "justizi jauregi" konbentzionalarekin; hala ere, prisma garbi bat da: alderdi adierazgarria nabarmendu barik, podium baten gainean dago; togaren estetika tradizionaletik urrun dago eta, hala ere, diseinua xehetasun guztietan agertzen da, beharbada nabarmenegi. De la Sotari eta Scarpari egindako erreferentziez haratago, eraikin hau Gernikako herri-ondarearen barruan integratuta geratuko da zalantzarik gabe.