ERTZILLA DORREA (ARRANTZALEAREN MUSEOA)
Andra Mari 1

 

Egile ezezaguna. 1500 ing.
Birgaikuntza: arkitektoa L.M. Gana. 1948; arkitektoa L.
Lopez de Gere¤u. 1985

Egungo erabilera: Arrantzalearen Museoa

Garai batean Bermeok hiri-dorre asko izan zituen, baina hau da zutik geratzen den bakarra. Portuaren gainean dago kokatuta eta horrek baldintzatu zuen haren oinplanoa: bi trapezio bat eginik. Maizterrentzako geletan banatuta, dorreak gainbehera luzea jasan behar izan zuen, harik eta 1948an Ganak eraikina birgaitzeari ekin zion arte, bertan museoa jartzeko. Jatorriz Erdi Aroko eraikin militarra izaki, izaera horrekin bat zetorren estiloa erabiliz birmoldatu zituen baoak eta errematea. Beharbada beheko solairua da eraikin honek berreskuratu zuen espaziorik ederrena: oso garaia da eta koloma oktogonalak ditu. 1985ean, Lopez de Gere¤u arkitektoak estalkia eta estalkiaren azpiko solairua berritzeari ekin zion. Eraikinak, bestetik, badu balio erantsi bat: Alonso Ertzillaren, "La Araucana"ren egilearen oinetxea izan zen.

 

SANTA EUFEMIA ELIZA Eupeme Deuna, z..g.

 

Egile ezezaguna. XV
Dorrea: J. Iturburu. 1782

Bermeoko elizarik zaharrena da eta, aldi berean, eduki sinbolikorik handiena duena, zeren eta, Gernikaren ostean, bera zen Gaztelako erregeek foruen zina egiteko nahitaez ibili behar zuten bidearen amaiera. Izan ere, Gaztelako erregeek, Bizkaian haien aginpidea onartuko bazen, foruei men egingo zietela zin egin behar zuten. Errege Katolikoak izan ziren ezinbesteko beharkizun hori bete zuten azkenak. Tenplua nabe bakarrekoa da eta abside poligonala du. Absidea estaltzen duten gangak erradialak dira, eta nabea estaltzen dutenak, berriz, bakunak. Giltzarriak apaintzen dituzten erlijio-motiboak eta buru koroatuak ezin ederragoak dira. Tenplu osoaren irudi bateratua bera ere eder-ederra da. Orobat, interesgarria da Mendoza de Arteagaren hilobi platereskoa. Iturburuk egindako kanpandorrea, aldiz, soilegia da bere garairako.

 

SAN FRANTZISKO KOMENTU ZAHARRA Francisco Deunaren Atea, z.g.

Egile ezezaguna. XV-XVI

Bizkaiko komenturik zaharrena da. Elizak, klaustroak eta egoitzaren eraikin modernoak osatzen dute. 1357an fundatu zuten, baina egungo eraikina XV. eta XVI. mendeetakoa da. Gora-beheraz jositako historia izan du: desamortizazioa, sekularizazioa eta, horrenbestez, eginkizunen aldaketa. XIX. mendean bide-elkargune eta hiri-bilbearen hasiera bilakatu zen. Tenplua nabe bakarrekoa da, ikaragarri luzanga. Alboko hormetan kapera-zuloak ditu, familia nobleen hilobi. 1882an ordenak komentura itzultzean berregindako gurutze-gangaz estalita dago. Elementurik baliotsuena, ordea, klaustro gotikoa da, probintzian geratzen den bakarra. Arkuteria zorrotzak eta laukiaren angeluetako arkuek ixten dute patioa. Arkuek irudizko motiboekiko mentsulak dituzte euskarri. 1927-30ean hornidura-azoka bihurtu zen eta horrek estaltzera behartu zuen. Gaur egun zaharberritzen ari dira.

 

GAZTELUGATXEKO SAN JOAN ERMITA Gaztelugatxe

B. de Nachyondo? 1886


Izenak adierazten duenez, haitzaren gainean eraikitako gaztelua izan zen hasieran. San Joan eliza aipaturik agertzen da 1053an egindako emaitza baten agirian. 1334an, Alfontso XI.ak hilabetez setiatu zuen. 1596an, Drake pirataren flotak indarrez hartu zuen uhartea, hango bitxiak lapurtu eta haitzetan behera amildu zuten ermitaua.

Eraikin xumea da, oinplano angeluzuzeneko berreraikuntza. Nabe bakarra du, eta zurezko armazoi batez estalitako abside poligonala. Sarrera nagusia atzeko aldean dago, erdi-puntuko arku baten azpian eta apur bat aurreratuta. Sarreratik tenpluaren benetako dimentsioa ikus daiteke: esker onez santuari opari gisa eskainitako lau koadro eta hiru itsasuntzi zinbrietatik esekita. Oso ugariak dira marinel-santutegi honekin lotutako elezaharrak eta tradizioak. Haietako batek dioenez, San Joan Bermeon lehorreratu zen eta, hiru pauso emanda, Gaztelugatxera iritsi zen. Hiru oinatzak harrian markaturik geratu ziren, eta hirugarrena elizara daramaten eskaileren gailurrera heltzeagatik jasotzen den saria da. Oskarbi denean, kostaldearen ikuspegi liluragarria dago, ia tokiari erantsitako balio herritarrak bezain magikoa.

 

SABINO ARANA ENPARANTZA

Andre Maria eliza: S. P‚rez. 1820
Udaletxea: D. Cafranga. 1733

Herrikoek Goiko Plaza esaten diote. 1722ko sutearen ostean, orain dagoen tokian eraiki zuten udaletxea. Orduan hasi zen plaza egungo fisonomia hartzen. Udaletxea Cafrangak egin zuen ohiko tipologiaren arabera. Hiru solairu ditu, horizontaltasuna nagusitzen delarik. Erdi-puntuko lau arku ditu beheko solairuan. Egungo bolumetria bertikala 1928koa da. Urte horretan, eraikina berritu eta beste solairu bat erantsi zioten, logiaduna, nahiz eta kanpandorrea 1880koa den.

Andre Maria eliza eraiki zutenean, plazak bere behin-betiko itxura hartu zuen. Elizako fatxada sendoak lau kolomekiko ataria dauka udaletxekoaren aurrez aurre. Eraikitzearen historia luzea eta konplexua izan zen, eta azkenean egindako eraikina proiektatutakoaren desberdina da. Hala ere, neoklasizismoak Bizkaian duen funtsezko erreferentzia bat da. Erdiko oinplano oktogonalak aurretiaz zegoen etxadi angeluzuzenaren barruan egon behar zuen nahitaez. Erdiko oktogonotik ateratzen dira gurutze baten lau besoak (kanoi-gangaz estaliak) eta alboko bi kapera atzealdean (gurutze-gangaz estaliak). Gainerako espazioek zeregin osagarriak betetzen dituzte. Fatxadako bi dorreetako bat bakarrik amaitu zuten, eta 1866 arte ez zuten inaugurutu, S. P‚rezen proiektua artean bukatu gabe zegoelarik.

Azkenik, bi elementu eder dago plazan: musika-kioskoa eta udaletxeari atxikitako iturria.

 

KASINOA Lamera, 1

Arkitektoa: S. Atxukarro. 1894
Birgaikuntza: Pagazaurtundua. 1983-85


XIX. mendearen amaieran Seberino Atxukarro arkitektoa oso ospetsua izan zen Bizkaian, eta batez ere Bilbon. Eklektizismoa da haren lan guztien berezitasun nagusia: biziki atsegin zuen eta zorroztasunez baliatzen zuen. 1983ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten kasinoan eta gaur egun goitik behera zaharberrituta dago. Frantziako antzerki-eszenografiaren ezaugarri asko ditu. Oinplanoa bitxia eta nahasi samarra da. Seberino Atxukarrok ospitale psikiatrikoa ere egin zuen Bermeon. Eraikin neogotikoa da. Atxukarrok lehenago ere erabili zuen estilo hori Bilboko Santiago katedralean.

 

ETXEBIZITZA-ERAIKINA Eskilarrak/Ercilla

Arqto. A. Casas. 1968-70


Leku zail batean egindako lan ausarta da. Ertzilla dorrearen aldamenean kokatuta, portua gailentzen du berarekin batera. Arkitektoak ondo jakin zuen etxebizitza-eraikinaren eta dorrearen arteko lotura formala egiten. Orubea bera ere zail samarra zen. Arkitektoak oinplanoa modu egokian antolatuz gaindu zuen zailtasun hori. Ospe gutxiko arkitektu baten lan bikaina da.

 

Ormaza, S. A. Askatasun Bidea, 34

Arkitektoa: P. Ispizua. 1945


Ispizuak fabrika hau eraiki zuen bere herrian. Garai hartan Bilbon egin zituen lan garrantzitsuekin gertatu zitzaion bezala, fabrikaren estetika espresiboak ez zuen lortu aurreko aldietako "kutsadurak" baztertzea. Hala ere, asimilatzaile paregabea izan zen beti Ispizua, eta halakotzat ezagutu zuten denek.

 

ARRANTZALE-ETXEAK Nardiz'tar Benanzio Kalea

Arkitektoa: T. Anasagasti. 1908-1920


Portu Zarraren inguruak oso irudi polita eskaintzen du amarratutako arrantzuntzien alboan: zurezko balkoi korrituekiko etxe tradizionalak eta nolabaiteko kutsu modernista duten behe-solairuak 8. zenbakian. Etxe-ilararen amaieran T. Anasagastiren obra bakarra dago: estetika espresionista baliatuz inguruari egokitutako bolumen oker bat.

 

KIKUNBERA ETXEA Txibitxaga kalea. 635 errepidea (22. zenbakiaren aurrean)

Arkitektoa: F. Arzadun. 1930


Arzadunek gurasoentzat proiektatua, eraikin hau oso ondo kontserbatuta dago. Herrikoek itsasuntzi-etxea deitzen diote eta 20ko urte alaiak Euskal Herrian nolakoak izan ziren ondoen erakusten duen eraikinetako bat da. Itsaslabar piko baten hegal malkartsuan dago eta badiaren gaineko ikuspegi zoragarria du. Mundakako errepidetik iristen da bertara, kotarik garaienean. Etxea eta errepidea lotu eta garajera daraman zubi batek lekuarekiko harremana dramatizatzen du.

Generikoki etxea paquebot deritzon estilokoa da. Le Corbusier, bere idazkietan, sutsuki agertu zen estilo horren alde. Hala ere, bai bolumetria eta bai kolorearen eta barruko zein kanpoko beste elementu batzuen erabilera ikusita, badirudi nabarmenagoak dituela art-d‚co estiloaren eta Mallet Stevens arkitekto frantziarraren eraginak.