INTXAURRANDI BASERRIA
Uarka auzoa 7

Egile ezezaguna. 1690 ing.

Baserri hau ibar baten hondoan dago. Korta oso txikia du; etxebizitza eta nekazaritza-biltegia, ordea, oso handiak. Horrek argi erakusten duenez, baserri honetakoak baratzezaintzan aritzen ziren abeltzaintzan baino gehiago. Barrualdean, suhesi lodi batek bereizten ditu baserriaren bi zatiak. Suhesia, gainera, etxebizitzako garbitasunaren bermea da. Fatxada XVII. mendearen amaieran ohikoena zen moduan eratuta dago: dama-joko taula handi baten antzekoa da, arotziaren armazoi ilunek modulatua totxoen kromatismo beroarekin kontraste eginez.

 

SANTO TOMAS ELIZA
Elexalde auzoa

J. Iturburu. 1772
J.B. Belaunzaran. 1819


Atzetik ikus daitekeen egundoko haitz artifizial baten gainean kokatua, Arratzuko elizak irakurketa desberdina du barrualdetik eta kanpoaldetik. Nabea 1530 inguruan eraikizuten eta zurezko kasetoiz estalita dago. Kanpoko horma-bularrek eusten diote estalkiari. 1819aren ondorengo urteetan J.B. Belaunzaranek ganga trenkatuak egin zituen, egungo kolomen gainean bermatuak, eta argitasun berria eman zion tenpluari zirkuluerdi-formako hiru bao irekiz. Kolomak J. Iturburuk 1772an egindako koruko euskarriekin lerrokatu zituen. Kanpandorrea eta arkupe perimetrala XVII. mendeko lanak dira. Eragin neoklasikoa apaizetxe hurbileraino ere iristen da. Paisajean bere horretan diraute elizaren hastapenen gakoek: ibarra du berezko sarrera, gurutze-bideak zedarritako bidetik muinoaren gaineraino. Barrokoaren garaiko berezko "girotzea" dugu hori.