  Juan Bautista Belaunzaranek landa-espazio bat urbanizatzeko asmoz proiektatu zuen
eliza monumental eta handinahi hau. Begi bistakoa da, bestetik, Nabarnizko elizaren
eragina, Ajangizko proiektua egin baino urtebete lehenago han jardun baitzuen lanean
(1819). Bolumenen jokoak agertzen duen tipologia erabat neoklasikoa da: erdiko oinplanoa
kupula batez estalita dago eta gurutze bat dauka barruan; gurutzea, berriz, sakristiak eta
arkupeek hartutako angeluzuzen baten barruan dago. Fatxada nagusia -konnotazio klasikoz
josia- Gernikako ibarrera begira dago eta plazak haren aurreko eremua hartu beharko
zukeen. Horregatik daude eskuinaldean apaizetxeak, gaur egun bitxi samarrak gertatzen
direnak. Dena dela, hala haren seme Hermenegildok 1848an, nola Pedrok 1860an -eliz ataria
burutu eta plaza albo baterantz atzeratu zuenean-, aitaren lan amaitu gabea bukatu behar
izan zuten. Udaletxea ere Pedrorena da (1851). Halaber, familia horrek egin zituen
eskolak.
Herri berri bat sortuz landa-inguru batean egindako
kolonizazio neoklasikoaren erreferentzia bat da, guztietan garbiena. Esperientzia horrek
gortearen laguntza izan zuen eta ez dago behar bezain ondo ikertuta. Garai hartan Madrilen
diputatu zegoen Felix Pertika izan zen prozesu horren eragile nagusia (ikus Auzokoa
baserria). |